gorka julio
IRLEN SAREA

Kaliforniatik Txinara

2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Kaletik joate soilarekin errealitatea aldatzen ari gara. Sakelakoa eskuan, nahi edo ez datuak eta metadatuak sortzen ari gara, horrek ingurune digitalean marka uzten du, eta horren ondorioz jende gehiago edo gutxiago joan daiteke bertara. Jatetxeak aukeratzeko baliagarri izan daiteke, baina baita etxebizitzaren prezioa igotzeko, baldin eta datuek esaten badute jendeak gogoko duen toki bat dela.

Baliagarriak izan daitezke datu horiek: adibidez, erabaki urbanistikoak hartzeko edo planifikaziorako, baina transnazional digitalen esku, gauza bakarrerako balio dute: horien jabeen eta akzionisten poltsikoak betetzeko. Horrek aldatu beharko luke. Epe laburrean aldatzen hasi daitekeela dirudi.

Communia aldizkari digitaleko artikulu batean, bi gauza interesgarri aipatu dituzte. Lehena, trasnazional erraldoi horien errelato onbera amaitzen ari dela. Noizbait ongia bilatzen zuten, eta berrikuntza zekarten agente bezala ikusi izan baziren ere, jada errelato hori agortzen ari da. Eredu bezala jarri izan den startup ereduaren gainbehera kulturala, Netflix eta antzeko plataformetan agertzen ari diren kontrako telesailek eta filmek erakutsiko lukete. Bigarrena: horren ondoren zer etor daitekeen esatera ausartzen dira artikuluan. Haien ustez, teknologia berdez mozorroturiko egitasmoak eta teknologia militarrak gorantz egingo dute. Horietako asko kontrol soziala eta errepresiorako baliagarri izan daitezkeen bertsio txikietara bideratuko dira. Oraingo trasnazionalek beren burua eraldatzeko aukera izan daiteke.

Teknologiaren alorrean, beraz, azken urteetan nagusi izan diren diskurtsoak aldatzen ikusiko ditugu. Garrantzitsua da hori aurreikustea, sor daitezkeen paradigma berrietan kokatzeko edo horiei aurre egiteko. Berrikuntza ziklo teknologikoak oso azkarrak izan ohi dira, eta zurrunbilotik nekez pentsa daiteke zerbait.

Kaliforniatik Txinarako bidaia honetan non egongo garen ikusteko dago oraindik, baina argi izan beharko genukeen gauzetako bat da datuek duten txanpon izaera. Aspaldiko ohitura izan dena berreskuratu edo egokitzea dagokigu. Oso ohikoa zen lehen entzutea: «Ditugun sos gutxiak behintzat, gure tokietan utziko ditugu». Datuek ere izaera bera izan dezaketela pentsatzen hasiko bagina, akaso, beste era batera ikusiko genuke afera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.