gorka julio
IRLEN SAREA

Ticket Bai kaosa

2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Arlo guztiak digitalizatzen ari dira eta oraingoan ogasunari tokatu zaio txanda Ticket Bai sistemarekin. Ticket Bai abiadura ezberdinetan jarriko da martxan, negozio motaren eta herrialdearen arabera, baina Gipuzkoan sekulako arazoak sortzen ari da jada.

Merkatari asko kexu dira, egin beharko duten inbertsioagatik, ezarritako epeengatik eta laguntza faltagatik. Garatzaileak ere kexu dira, programak moldatu behar izan dituztenean dokumentazioa falta zelako eta arazoak konpontzeko erraztasunik ematen ez dietelako. Orokorrean, kaos bat izaten ari da.

Sistemaren onurak zein diren galdetzea ere komenigarria da. Neurri horren helburua iruzurra murriztea dela esan daiteke, eta ogasun kontrola handitzearekin batera, datu hobeak izatea eta prozesu errazagoak izatea. Lehena ez dakit lortuko den, baina okurritzen zait iruzur handiak identifikatzeko askoz bide errazagoak daudela; horien artean Forbes zerrendan atera berri diren euskaldunei kontrol hertsiagoa. Bigarrena ez da lortu, eta esango nuke orokorrean administrazio digitala ez dela asmatzen ari.

Administrazioarekin hartu-emanak, digitala izanik ere, zaila izaten jarraitzen du, kasu batzuetan presentziala baino zailagoa: dokumentazio bat aurkeztea, faktura digital bat egitea edo egin zaizun errekerimendu bati erantzutea buruhauste iturri da askorentzat. Zertifikatu digitalekin dagoen nahasmendua, adibidez, izugarria da. Norbaiti Izenpe edo Moneda y Timbre esan, eta aurpegia aldatzen zaio.

Administrazio aurreratu eta unibertsal bat izan behar zuenak oztopoz betetako prozedurak darabiltza. Sistema eragile eta nabigatzaile jakin batzuk erabiltzera behartzen du kasu batzuetan. Horrez gain, pertsonen kontra diseinatutako prozesuak dira, teknologiaz edo informatikaz dakigunek ere zailtasunak ditugu askotan. Ez dakit administrazioak bankuen digitalizazio estrategia duen ispilu, baina horrek nola amaitu duen badakigu: dirua atera ahal izateko makina gutxiago daude, fisikoki artatua izateko aukerak denboran eta ordutegietan asko murriztu dira, arazo baten aurrean pertsona batekin (eta ez makina batekin) hitz egiteko aukera ia desagertu da...

Ez da erraza, baina sekulako aukerak daude jendearen bizitza errazteko digitalizazioaren bidez, baita jasotzen diren datuei dagokionez horiek baliatzeko ere. Baina finantza erakundeen bidea bada eredu, jai dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.