gorka julio
IRLEN SAREA

Eskubide digitalak Europan

2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Europako eskubide eta printzipio digitalak modu arduratsu eta etikoan erabiltzeko jarraibideak sinatu dituzte. Printzipioek sei gai dituzte ardatz: pertsonak eta haien eskubideak eraldaketa digitalaren erdigunean jartzea; elkartasuna eta inklusioa babestea; Interneten aukeratzeko askatasuna bermatzea; espazio publiko digitalean parte hartzea sustatzea; pertsonen zaintza, segurtasuna eta ahalduntzea areagotzea; eta etorkizun digitalaren iraunkortasuna sustatzea. Pausoak ematen ari dira, sinesgarritasun gutxi badute ere.

Printzipio horien helburua da teknologiak Europako Batasunean bizi diren herritar guztiei zerbitzua eta onura ematea, eta haien eskubideak edo segurtasuna ez urratzea. Adierazpenaren sinatzaileek konpromisoa hartzen dute hainbat arlotan neurriak hartzeko, besteak beste konektibitatean, hezkuntza digitalean, lan baldintza duinetan eta justuetan, eta zerbitzu publiko digitaletan, eraldaketa digitalak inor atzean uzten ez duela ziurtatzeko.

Printzipioek, gainera, gardentasuna eskatzen dute algoritmoen eta adimen artifizialaren erabileraren inguruan, eta ingurune digital fidagarri, askotariko eta eleaniztun bat sortzea, pertsonak desinformaziotik eta beste eduki kaltegarri batzuetatik babestuko dituena. Gainera, printzipioen helburua da herritarren, enpresen eta zerbitzu publikoen interesak babestea ziberdelinkuentziaren aurka, eta datu pertsonalen eta ez-pertsonalen gaineko kontrol eraginkorra bermatzea.

Azkenik, printzipioek produktu eta zerbitzu digitalen diseinua, ekoizpena eta erabilera arduratsua eskatzen dute, ingurumenean eta gizartean duten eragina murrizteko, eta produktu horien ingurumen eraginari eta energia-kontsumoari buruzko sentsibilizazioan lagunduz.

Horraino, denak bikaina dirudi. Pauso bat dela aitortu beharko dugu, baina praktikan orain arte egin dena eta izan diren garapenek ez dute konfiantza berezirik ematen. AEBen eta Txinaren nagusitasun teknologikoaren artean harrapatuta, aukera gutxi ditu Europak eskubide horiek aitor daitezen Europan bertan ere. Software librearen aldeko aipamen zehatzagoak ere baztertu direla ere badakigu; funtsean, Europak gero eta denbora gutxiago dauka garapen teknologiko burujabeago bati ganoraz eta beharrezko indarrez ekiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.