gorka julio
IRLEN SAREA

Fedibertsoa telebistan

2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Fediberstoa zer den jakin beharko zenuke jada. Fedibertsoaz hitz egiten dugunean, beti hasten gara fedibertsoa zer den azaltzen, baina hemendik aurrera ez; jakin nahi baduzu BERRIAn eta Wikipedian informazio asko duzu. Jakin behar duzu, hori bai, komunikazio tresna sorta libreago hori ingurune digital toxikoan arnasteko baliagarria zaigula.

Audioa, bideoa, irudiak, mezutxoak... Denetik bidali eta jasotzen dugu Fedibertsoan. Ez dizkizuet tresnen helbideak emango, zuek bilatu aizuek. Beno, bakar bat bai, euskal berezitasun bilakatzen ari den paperjalea.eus. Paperjalea liburuez eta literaturaz euskaraz aritzeko leku bilakatu den Fedibertsoko txokoa.

Zer egin beharko genuke baina, jendeari Fedibertsoak dituen gauza on guztiak azaltzeko? Konplexutasuna gustatzen zaigu, baina ñabarduretan gehiegi sartzean mezua zailtzen du maiz. Nola egin jendea Fedibertsora erakartzeko estrategia on bat?

Lagun batek esaten du euskaldunok saldu, saltzen dugula, baina ez garela saltzen. Alegia, saltzeko gure muga askotan, gure printzipioak edo oinarriak direla. Eta horrek mugatzen du —onerako, akaso— gure saltzaile grina. Bada, izaera hori errespetatuta ere, nola salduak izan gabe, saltzen ikasi jende gehiagorengana iristeko?

Insomnioagatik edo feniziar baten espirituak hartuta moduan jaiki naiz gaur horretan pentsatuz, eta zerbait etorri zait burura; seguruenik erokeria bat, baina zergatik ez dugu Fedibertsoa telebistako publizitate bihurtzen.

Ez da oso originala, edo bai, euskarazko Interneteko produktuak inoiz ez baitira telebistan iragartzen, ez bada telekomunikazio enpresa zehatz batzuei loturik. Ez dut esango lehena litzatekeenik, baina ez dira askoz gehiago izango; ekitaldi bat litzateke, eta seguru gustura asko pagatuko genukeela ekimen freaky horrekin.

Bide batez, eta argitaratzen den egunean eta orduan egingo litzatekeen sareko kanpaina bati lotuko bagenio? Streaming bat egin, publizitate kanpainara erreakzionatuz xanpain botilak irekitzen? Arrakasta izango lukeen ez dakit, baina jada imajinatzen ari naiz jendea publizitate kanpaina bati txalo egiten. Erokeria bat izan daiteke, baina gaur Errenterian Fedibertsoa.eus topaketan horrelakoez arituko gara elkarrekin digitalitateari gorputza jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.