gorka julio
IRLEN SAREA

Elon ez da Elon

2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Elon Muskek Twitter erosi du, eta hedabideak hark jaurtitako propaganda errepikatzen hasi dira: «Zibilizazioaren etorkizunaren alde egingo dut», «adierazpen askatasuna defendatu», eta «munduko publizitate plataformarik errespetatuena izango da».

Elon pertsonaia histrioniko bat dela sinetsarazi nahi digute, baina Elon ez da Elon. Elon Musk atzean dituen inbertsoreak dira. Elonen finantzaketa lortzeko estrategiak bere beste egitasmoak ditu oinarri; Tesla eta SpaceX bezalako ekimenak erabiltzen ditu, hurrengo finantzaketa lortzeko berme moduan, matrioska eskema batean.

Inbertsore pribatuez gain, zuzenki eta zeharka AEBetako Gobernuak eta agentzia ezberdinek bere zerbitzuak erabiltzen eta bultzatzen dituzte. Ibilgailuen merkatuan industrializazio eta berritze azkar bat egiteko finantzaketa eman zioten Teslari eta SpaceXi, eta haien zerbitzuak erabiltzen ari da gobernua zuzenean. Bidean Elonek baterien eta sateliteen sarea sortu du beren negozioetarako. Guda modernoan, militar enpresa pribatuen parekoa da, bere egiturekin iristen ez den tokietara heltzeko abiadura eskaini dio Elonek AEBei.

Ekimen pribatua izanik ere, kontrol demokratikorik gabeko plaza publiko bihurtu den Twitter erosi du. Eta bere interesa ez dago adierazpen askatasunean. Eragina areagotzeko mekanismo bat lortzean datza interesa. Beste sareen ondoan, Twitter da komunikazio publiko, hedabide, eragile politiko eta norbanakoak uztartzen zituen bakarrenetakoa. Horien guztien informazioa, nodo garrantzitsuenak zein diren, eta horien arteko harremana da ustiatu nahi duena. 110.500.000 erabiltzaile izanik, ikusi dugu Elonek zein eragin sortu dituen kriptotxanpon merkatuan, adibidez; pentsa orain tresna hori bere esku egonik.

Aldaketak iritsiko dira, seguruenik. Bi abiadurako Twitter aurreikusi genezake: ordainpeko zerbitzuak norbanako eta perfil korporatiboentzat hedapen gehiago lortzeko, edota kontrara, monetizaziora bideratutako ekimenak, Youtuber munduan gerta bezala. Atrakzio parkeetan ohiko bihurtu den fast pass edo ilara bizkorraren antzeko zerbait. Urrun gelditzen da Jack Dorsey-ren eta besteen Occupy mugimenduari atxikitutako Twitterretik.

Bitartean, isilean, proiektu txiki eta anitz asko josten ari dira Fedibertsoaren federazioan. Inperioa indartsu dago, baina erresistentzia antolatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.