gorka julio
IRLEN SAREA

Erlijio berrirantz

2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Adimen artifiziala geldiarazteko zenbait adituk idatzitako gutunak hype-a handitzen du. Kezka azaltzen badu ere, kezka horrek berak marko orokorra indartzen du, eta, beraz, kapital handiek bertan inbertitzeko interesa.

Pertsona horietako batzuek benetako kezka dute, baina beste batzuek, eta orokorrean testuak, kutsu arraro bat dauka: adimen artifiziala gezurra hedatzeko tresna izan daitekeela diote, eztabaida kritiko eta sakonak behar dituela, arazo sakonen iturri izango dela pausatu ezean... Ez dute zalantzan jartzen zeinek eramaten duen aurrera eta zeinen esku gelditzen den teknologia. Proposatzen dituzten neurriak oso zailak dira abian jartzen. Badirudi Txinarekiko lehiakortasuna eta teknologia alorrean beraien klase barnean ere atzean gelditu direnek besteak harrapatzeko intentzioarekin ere egiten ari direla zenbaitzuk...

Kezka zintzoa edo ez, ahots horiek baino, benetan interesgarriak iruditu zaizkit Emily M. Bender (@[email protected]) ikertzailearen hitzak. Bender hizkuntzalaritza konputazionaleko irakasleak esan du adimen artfiziala garatzeak dituen arriskuak eta kalteak ez direla «AA ahaltsuegi» baten ondorioz, baizik eta zein pertsonen esku dagoen botere-kontzentrazioa. Benderrek gardentasuna eskatu zien AAko laborategiei, trebakuntza-datuei, eredu-arkitekturari eta trebakuntza-erregimenei buruz, eta politikariei hartu beharreko erabakietan. Guztion interesaren kontra ari direnen presioan ez erortzea eskatu die.

Guztiz libreak, gardenak eta anitzak ez diren teknologiek badakigu non bukatzen duten. Kapital metaketa handia behar bada horiek aurrera eramateko, eta hori batzuen esku bakarrik badago, goizago edo beranduago, interes horietara makurtuko da ekimena, legeak kontrakora behartzen ez baditu. Ikusi da nola hasi zen Google (don't be evil) eta non bukatu duen; bilaketen lehen orria ez da bilatzaile baten orria, publizitate agentzia batena baizik. Eztabaida osasuntsu bat beharrezkoa da. Ez soilik erabileran, produkzioari dagokionez ere kontrol publiko edo herritar indartsu bat egotea garrantzitsua da. Egiten ez bada, adimen artifizial orokor baten etorrerarekin amesten duen erlijio berri batean murgilduko gara, ebangelistak Sillicon Valleyko guruak, apostoluak ingeniari-saltzaileak eta apaiza zure koinata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.