gorka julio
IRLEN SAREA

Droneen enpatia

2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Drone bat lehertu da Kremlinen eta beste bat bota dute Kiev erdigunean. Gerra berrien elementu berritzaileenak goitik begiratzen gaituzten hegazkin autogidatu hauek dira. Jostailu drone eraldatuetatik, UAV aurreratuetara daude, laster gehikuntza beldurgarriekin. Edozein armarekin bezala, etsaia erasotzeaz gain, erasotzaileak aurretik eta ondoren gertatuko dena jakingo du, pantaila baten bidez, kamarei eta sentsoreei esker.

Aurretik, erasotzaileak jasango duenaren aurreikuspen bat egin dezake. Bere ekintzaren ondorioak neurtu ditzake, enpatiarako tarte bat egongo litzateke hor; errukirik gabe anulatzen dena maiz. Bideo batzuetan ikusten da nola dronea iristen den lubaki batera, eta lubakian daudenek dronea ikusten dute. Aste honetan ikusi dudan bideo batean, lubakian pertsona bakar bat gelditzen da, ezin du gehiegi egin, eta zerura egingo dituen erruki keinuek ez dute ezertarako balioko.

Ondoren, dronea suizidaez bada, pantailak berak erakutsiko dio erasotzaileari bere erasoaren emaitza; enpatiarako bigarren espazio bat irekiko litzateke hor ere. Normalean, droneak bizirik atera direnak zelatatuko ditu sentsore infragorriekin, eta aukera badu, bigarren erasoaldi bat prestatuko du. Dena urrunetik, borroka eremuko ezkutuko toki batetik edo askotan bulego eroso batetik jasotako aginduei kasu eginez.

Droneak gauza askotarako erabil daitezke, baina zelatatzeko eta gerrarako dituen funtzioak dira nabarmendu direnak. Laster, enpatiarako operadoreak izan ditzakeen espazio horiek murriztuko dira eta automata izaera eskuratuko dute: kamera bidez pertsona zehatzak identifikatuz eta haiei eraso eginez, autonomoki erabakiak hartzen dituzten gailuekin edota drone abaraska txikiez osatutako ejerzituekin; zeruan daudenean, misioaren erdian, enpatiarako dauden espazio txiki horiek ere desagerraraziz.

Tabakaleran ikusgai dago oraindik Ana Teixeira Pintok eta Oier Etxeberriak komisariatutako Begi gaiztoa erakusketa eta zikloa. Optika eta balistikaren arteko elkarrekintza aztertzen ari dira eta bertako pasarte batean hau jasotzen da: «Gerraren historia apurka-apurka arma bihurtzen den begi batena da [...] Dronearen definiziorik egokiena, edo, zentzu horretan, gutxienez, errealistagoa, honako hau izango litzateke: kamera hegalari bat, bereizmen handikoa, misilekin armatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.