Super Amara Bera Bera

Lan azkarra, lan bikaina

Bera Berak zortzigarrenez irabazi du Espainiako Liga, eta 21 titulu ditu jada. Inoiz baino lehenago izan da txapeldun, sasoia amaitzeko hiru jardunaldi falta direla, hain zuzen. Imanol Alvarezek eta Alba Menendezek taldearen lana goraipatu dute, baina baita klubarena ere.

JUAN ANTONIO GARAIKOETXEA.
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Lehen aukera zuen txapeldun izateko, eta ez zuen alferrik galdu. Super Amara Bera Berak Espainiako Ohorezko Mailako liga irabazi zuen herenegun, Gijonen (Espainia). Etxeko taldeari gailendu behar zitzaion, eta nagusitasunez egin zuen: 22-35 irabazi zuen. Zortzigarren liga du, zortzigarrena azkeneko hamar urteetan. Beste hamahiru titulu ditu garaipen zerrendan: zazpi aldiz irabazi du Espainiako Superkopa, eta sei aldiz Kopa.

Ikusgarria da, baina are eta ikusgarriagoa da aspalditik daraman garaipen bolada. Izan ere, azkeneko hamasei urteetatik hirutan soilik ez da izan txapeldun lehiaketaren batean: 2010ean, 2011n eta 2017an. Beste hamahiru urteetan, gutxienez titulu bat irabazi du. Azkeneko hamarkadan eskuratu ditu gehienak: 21etik hemezortzi.

Beste mugarri bat ezarrita irabazi du liga: hiru jardunaldi falta direnean izan da txapeldun. Inoiz ez zen hain goiz gailendu. Lan azkarra ez da lan alferra izan, bikaina baizik. Aurreko bi sasoietan ez zuen galdu ligan —duela bi urte, denboraldiaren erdia besterik ez zen jokatu, koronabirusagatik—. Ez du halakorik egin oraingoan, baina bikain aritu da, oso erregular. 23 partidetatik 21 irabazi ditu, bat berdindu eta bakarra galdu; hiru puntuk soilik egin diote ihes 46tik. Hor egon da koska: aurkariek huts egin dute, eta Bera Berak ez; adibidez, bigarren sailkatuak, Malagak, bost neurketa galdu ditu; hirugarren sailkatuak, Gijonek, sei. Jokoaren bi arlotan izan da onena: erasoan eta defentsan. Ia 31 gol sartu ditu partidako, eta 23 sartu dizkiote. Hau da, zortzi golen aldearekin irabazi ditu partidak. Bera Berarennagusitasunaren isla da hori.

«Oso pozik gaude, eta lasaitua ere hartu dugu; helburua bete dugu. Gainera, Kopako arantza atera dugu», dio Alba Menendez kapitainak (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). Iritzi berekoa da Imanol Alvarez entrenatzailea (Ermua, Bizkaia, 1967): «Oso lan ona egin, eta horren saria jaso dugu. Behar genuen, Kopan pasatu zenaren ondoren. Beste final baten moduan hartu genuen partida, eta oso ondo irten zen dena. Oso pozik gaude».

Atseden hartu dute biek. Berandu oheratu ziren atzo, goizaldean iritsi baitziren Gijondik, autobusez. Nekezak izan ohi dira autobus bidaiak, baina, oraingoan, gozatu egin zuten. «Autobusean ospatu genuen. Geldialdi bat egin genuen taberna batean, hara joandako zaleekin trago bat hartzeko. Polita izan zen», kontatu du Alvarezek. Aldea dago azken bi denboraldietako ospakizunekin: duela bi urte, etxean sartuta ospatu zuten; eta iaz, Bidebietan, baina ikuslerik gabe. «Sekulako gogoa genuen titulu bat irabazi eta gure zaleekin ospatzeko. Autobus bat joan zen Gijonera, eta egundoko babesa eta berotasuna eman ziguten. Asko eskertzen diegu. Umemoko bat nintzela Zarauztik etorri nintzenean, ez nuen pentsatzen inoiz hau dena lortuko nuenik», esan du Menendezek. «Zaleek gozatzeko jokatzen dugu guk, eta ederra da haiek gozatzen ikustea», azpimarratu du Alvarezek.

«Talde polita izango dugu»

Biek nabarmendu dute «gero eta zailagoa» dela irabaztea, taldeak «indartu» egiten baitira «urtero» eta «gero eta maila handiagoa» baitago. Hain zuzen, biek azpimarratu dute lehen «nahiko ohikoa» zela denboraldi berean talde batek liga, kopa eta superkopa irabaztea. Zazpi urte dira inork ez duela halakorik egin; Bera Bera izan zen azkenekoa.

Baina aurkariek aurrera egin arren, Donostiako taldea beti dabil pauso bat aurrerago; bai, behintzat, ligan. Zein da sekretua? Entrenatzailea eta kapitaina bat datoz horretan ere. «Taldeko kide guztiek gogor lan egiten dugu, baina baita klubeko langileek ere. Jokalariak oso gustura gaude; kanpoan badakite hori, eta, horregatik, hona etorri nahi dute jokatzera. Klubak ahalegin handia egiten du helburuak lortzeko; hau ez da klub aberats bat. Haiek lan handia egiten dute, eta guri beste horrenbeste eskatzen digute», dio Menendezek. «Klubaren lana itzalpean geratzen da askotan, baina funtsezkoa da. Sekulako lana egiten du guztiok gustura egon gaitezen», gehitu du Alvarezek.

Horregatik, klubean «konfiantza osoa» dutelako, «ziur» dira datorren sasoian ere talde «polita eta lehiakorra» izango dutela. Argi dituzte helburuak: «Titulu guztiak lortzeko borrokatzea, eta, Europan, ligaxkarako sailkatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.