Gurpea Beti Onak

Izena eta izana

Atarrabiako eskubaloi taldeak sasoi honetan jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu, 28 denera. Hori dela eta, Espainiako Ohorezko Mailara igotzeko azken fasean ariko da asteburuan. Duela sei urte izan ziren azkenekoz hiru euskal talde maila gorenean, eta Nafarroako bat, berriz, duela bederatzi.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Izenari izana gehitu diote denboraldi honetan Gurpea Beti Onak Atarrabiako eskubaloi taldeko jokalariek (Nafarroa). Beti Onenak ere izan zitezkeen, 28 partida jokatu eta guztiak irabazi baitituzte. Hori dela eta, Espainiako Ohorezko Mailara igotzeko azken fasean ariko dira asteburuan, Arrecifen (Espainia).

Lau taldek ligaxka bat jokatuko dute, eta lehen biak igoko dira. Bi horietako bat izan nahi du Beti-Onak-ek. Lortuko balu, hiru euskal taldek jokatuko lukete datorren sasoian maila gorenean: Super Amara Bera Berak, Zubileta Evolution Zuazok eta Beti Onak-ek. Duela sei urte aritu ziren azkenekoz hiru euskal talde maila horretan: Bera Bera, Zuazo eta Aiala Zarautz. Denbora gehiago pasatu da Nafarroako talde bat aritu zen azkeneko alditik: bederatzi urte. Lizarrako Itxako izan zen azkena, eta sasoi haren amaieran desagertu zen. Beti Onak-ek hutsune hori bete nahi du ia hamarkada bat geroago.

Aztoratuta dabiltza Atarrabian. Horren lekuko dira Miguel Etxeberria taldeko entrenatzailea (Iruñea, 1988) eta Olaia Luzuriaga kapitaina (Iruñea, 2001). «Guk ilusio handia dugu, baina zaleek ilusio bera edo handiagoa dute. Giro berezia sumatzen da herrian», dio Luzuriagak. Giro horrek gainezka egin zuen herriko pabiloian jokatutako lehen kanporaketako itzulikoan: «Giro ikusgarria izan zen. Sekulako babesa sentitu genuen», esan du Etxeberriak. Hain giro ederra sortu zen pabiloian, ezen saiatu baitira azken fasea han jokatu dadin. Alferrik. «Halako erabakiak ez daude gure esku. Pena da. Zale gutxiago izango ditugu».

Laugarren ahalegina du taldeak.Iaz saiatu zen azkenekoz, baina lehen kanporaketan esan zuen agur. Urtebete igarota, ate joka dago berriz. Etxeberriaren iritziz, «taldearen oinarriari eustea» izan da gakoa horren lan ona egiteko: «Urteak daramatzagu elkarrekin lanean. Guk haiek ezagutzen ditugu, eta haiek gu ezagutzen gaituzte. Horri esker, aurrerapausoa eman dute. Gazteak dira, oso onak, eta goraka eta goraka egiten ari dira».

Itxaropena zuten iazko lana hobetzeko, baina, Luzuriagak dioenez, ez zuten espero halako denboraldi ikusgarria egitea: «Abuztuan esan izan baligute halako sasoia egingo genuela, ez genukeen sinetsiko. Baina lan asko egin dugu, baita ondo egin ere. Oso pozik gaude. Halere, zailena falta zaigu».

Hiru aurkari dira azken fasean: ostiralean, etxeko taldea, Lanzarote (21:00); larunbatean, Bolaños (18:30); eta, igandean, Sporting La Rioja (11:00). «Mailako hiru talderik onenak dira», dio Etxeberriak. Banan bana aletu ditu: «Lanzarotek maila galdu zuen iaz, eta jokalari askori eutsi die. Gutxi dira, baina kalitate handikoak; gainera, etxean ariko dira. Bolañosek, berriz, kanporatu egin gintuen iaz, eta talde hobea du denboraldi honetan: jokalari garai eta indartsuak ditu, eta ia buruz jokatzen dute. Azkenik, La Rioja gure multzoan aritu da [19-21 eta 29-27 irabazi dio Beti Onak-ek]. Urte asko daramatza azken fasea jokatzen; beraz, esperientzia handia du. Oso jokalari onak ditu».

Eta Beti-Onak-ek badu aukerarik? «Bai, noski. Gogoz gainezka gaude, eta sasoi betean iritsiko gara. Oso berdinduta egongo da dena», esan du entrenatzaileak. Iritzi berekoa da kapitaina: «Erronka oso zaila da, baina konfiantza handia dugu geure buruarengan. Gure jokoa egiten badugu eta gure nortasuna erakusten badugu, aukera izango dugu».

Beti Onak da jokalari gazte gehien dituen taldea, baina ez batak ez besteak ez du erabakigarritzat jo hori; «ausardiarekin eta ilusioarekin» estaliko dute eskarmentu falta. «Gazteak gara, eta sekulako gogoa eta anbizioa ditugu. Gehiago nahi dugu beti».

Etxeko erreferenteen beharra

Argi dute defentsa dela taldearen indargunea: «Lan handia egiten dugu defentsan. Gozatu egiten dugu defendatzen. Erasoan,azkar jokatzea gustatzen zaigu. Aurreko sasoiarekin alderatuta, jauzia egin dugu erasoan», esan du Etxeberriak. Luzuriaga «oso pozik» dago, lehia guztietan euren «indarguneak» azaleratu dituztelako, eta, batez ere, «sendo» aritu direlako defentsan. Hari egiten dio mesede inori baino gehiago, atezaina baita: «Atezain batentzat, alde handia dago defentsa ona edo txarra izan; nire lana taldekideek defentsan egiten duten lanaren mende dago. Eta sekulako lana egin dute. Asko eskertzen diet».

Ados daude biak: Nafarroako eskubaloiarentzat, «albiste bikaina» litzateke Beti Onak mailaz igotzea. «Eskubaloiak tradizio handia du Nafarroan, eta oso harrobi ona dago. Ederra litzateke maila nagusian talde bat izatea», arrazoitu du Etxeberriak.

Gazteek erreferenteak izateko beharrari erreparatu dio Luzuriagak, eta horretarako, bere burua jarri du adibide gisa: «Itxakoren partidak ikusita hasi nintzen eskubaloian jokatzen. Funtsezkoa da haurrek erreferenteak izatea, Nafarroako eskubaloiak eta batez ere emakumezkoenak aurrera egiteko. Oso ondo dago hemengo jokalariek kanpoan jokatzea, baina garrantzitsua da hemengo haurrek ikustea etxeko talde bat maila nagusian jokatzen ari dela, eta esatea: 'Nik talde horretan jokatu nahi dut'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.