EKOGRAFIAK

'Albisteegia'

Lander Arretxea -

2019ko apirilak 23
Noiz ikusi zenuen albistegia, hasi eta buka, azkeneko aldiz? Ez kirolen tartea bakarrik, ez eguraldiarena soilik. Osorik. Berdin du zein hizkuntzatan, zein kate. Nik ez dut gogoan noiz.

Albisteen trataera salatzeko zabaldu dituzen korteak ikusi ditut sare sozialetan, Youtubera igotako zatiak, eta tarteka, lagun edo ezagun bat atera delako edo eragiten didan gairen bati heldu diotelako, baita Nahieran gisako plataformen bidez ere. Zuzenean eta arretaz, aspaldian ez.

Gaur eta hemen albistegi bat egiteak ere ezin da erraza izan. Zerbait gertatu eta minutu gutxira jasotzen ditugu albisteak, sakelakotik, baita lanean edo oporretan gaudela ere. Aspaldi utzi zion «zer gertatu da munduan?» galderari erantzuteko modu zuzenena izateari. Baina fake news-en eta gehiegizko informazioaren garaitan, albistegiak ez luke zertan bere funtzioa galdu. Norbaitek hartu behar du zarata horri guztiari galbahea pasatu, iturriak kontrastatu, eta modu antolatuan eskaintzeko lana. Protagonisten iritziak biltzekoa, zuzeneko konexio kalitatezkoak egitekoa. Baita, kasuan-kasuan, ikuspegi nazionala ematekoa ere. Albistegia izan daiteke espazio hori. Edo izan zitekeen.

Baina hori beharrean, beste norabide batzuk hartu dituzte: @txerren-ek Twitterren berriki salatu duenez, sare sozialetan edo Whatsappean bolo-bolo zabaltzen diren gertaera morboso, bitxikeria arin eta albiste zalantzagarrien eskaparate bilakatu dira albistegiak. Neurri batean, badu bere zentzua: berdindu egiten ditu telebisten batez besteko ikusle zahar-helduaren eta gazteagoen erreferentziak. Bestela are handiagoa litzatekeen arrakala generazionala leundu dezake. Baina bide horretatik, ez dira sekula erakargarriak izango aurrez ere sare sozialetatik eduki hori jasotzen dugunontzat. Gaurko tofua, biharko gosea.

Arantzatapismoa gisa identifika daitekeena ere zabaldua dago: ordezkari politikoek egiten duten adierazpen edo ekitaldi ororen erakuslehio bihurtzea, baita gertaera horiek interes berezirik ez badute ere. Zer esanik ez hauteskundeak ate-joka badira. Julen haurraren heriotzarekin programa horienen pareko bilakatu zirenekoa ere gogoan dugu oraindik. Hori da diagnostikoa: albisteegi batzuetan, eta besteetan nahikoa albiste ez. Eta konponbidea ez da etorriko homeopatiatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna