Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Hasiera

2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Zutabe honetan estreinekoz idazten ari naiz. Lehenengo aldiak ez dira errazak izaten eta gauzak arinago egiteko, ikasturtean zehar txoko honetan zer aurkituko duzuen azaldu nahi dizuet. Telebistaren inguruan hitz egin behar dut, baina zer da telebista? Jada ahaztuak ditugu aparatu zahar handi horiek, eguraldi txarra zegoenean seinalea joaten zenean edota aitarekin genituen liskarrak Tourraren aurrean lo geratzen zenean.

Gaur egun, telebista edozein gailutan ikusi dezakegu eta edozein ordutan nahi dugun telesail, dokumental edo websaila nahieran aurkitzen dugu. 2020ko martxotik pantaila txikia gure konpainia onena izan da eta pandemian Filmin, Netflix edota HBO bezalako plataformen harpidetzak handitu egin dira.

Telebistaren aro nahiko berezi batean bizi gara, kate tradizionalek indarra galdu dute eta plataformak dira telesailen errege-erreginak. Azken aste hauetan plataforma berri baten sorkuntzaren albistea jaso dugu. ViacomCBS eta Comcast enpresen arteko apustu berria SkyShowtime izango da, eta bertan Sky —gogora dezagun 2020ko abuztuaren 31n Espainiako plataforma itxi zutela—, Paramount edota Showtime kate estatubatuarraren edukiak bilduko dituzte bertan. 2022. urterako plataforma berri horren estreinaldia espero da, eta ikusi beharko da zer-nolako harrera duen publikoaren artean.

Hainbeste eskaintzaren aurrean, askotan ez dakigu zer ikusi eta algoritmo batek gomendatzen diguna ikustera derrigortu dugu geure burua. Plataformetako bilatzaileetan denbora dezente ematen dugu zer ikusi nahi erabakitzen, eta horrek batzuetan frustrazioa dakar ikusleengan. Algoritmoei ezin diegu aurre egin, baina aukeraketa ona egiten badugu, plataformetan harribitxiak aurki ditzakegu. Zutabe honetan dudan helburua bilaketa hori zuei erraztea da. Plataformetan murgilduko gara, baina telebista tradizionala ere presente edukiko dugu. Nire aukeraketa ez da nolanahikoa izango, feminismoa izango da oinarria hautaketa egiteko. Emakumeak eta LGTBI+ komunitateko pertsonak protagonista diren telesail, dokumental edo saioak ekarri nahi ditut zutabe honetara batez ere. Horrek ez du esan nahi bestelako telesailak ez ditudala aztertuko, baina nire arreta eremu horretan jarriko dut. Has dezagun plataformen barrura egingo dugun bidaia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.