Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Geldiuneak

2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Telesail baten erritmoa aldakorra izan daiteke. Askotan hasierak motelak izaten dira pertsonaien ardurak ezagutzeko, eta azken kapituluetan drama azkartu egiten da gertatu diren trama guztiak itxiak gera daitezen. Erritmo hori nahiko klasikoa da, eta telesail askotan aurki dezakegu, baina abiadurak aldatu daitezke gidoiaren arabera.

Euphoria (HBO Max) telesailaren bigarren denboraldia erritmo frenetiko batean hasi zen. Lehen kapituluak Urtezaharreko festa batera eraman gintuen. Lehen denboraldiaren ondorengo kapitulu berezien erritmo lasaiarekin talka egin zuen kapitulu horrek. Bertan, gauza asko bizi izan genituen, eta gertatu ziren ekintzek denboraldi osoaren norabidea ezarri dute. Pertsonaien arteko erlazio batzuk apurtu dira, eta pixkanaka hasierako egoerara iristea ezinezkoa dela agerian geratu da. Laguntasun erlazio batzuk Casado eta Ayusoren erlazioaren antzera amaitu dira. Bitartean, Rueren droga-menpekotasunaren ondorioek eztanda egin dute pertsonaien artean.

Lagunen arteko traizioak ezagutu dira, eta pertsonaien etorkizuna kolokan geratu denean zazpigarren kapitulua iritsi da. Emozioak baretzeko balio izan digu kapitulu horrek. Lexik, Rueren lagun onenak, eskolan antzezlan bat aurkeztu du. Bertan, bere lagunen bizitzen gorabeherak agerian utzi ditu. Kapitulu horrek telesaileko iraganeko eszena batzuk uztartu ditu antzezlanarekin. Hainbeste dramaren ostean, geldiune beharrezko bat egin du telesailak. Maisuki egindako lana da aste honetan ikusi duguna, eta denboraldian zehar gertatu diren gauza guztiei errepasoa egin ostean, azkeneko kapituluaren norabidea ezarri du.

Hurrengo astean azken kapitulua ikusiko dugu, eta telesailaren izenburuari erreferentzia eginez, kapituluak euforia ekarriko digula dirudi. Pertsonaia batzuen haserrea espero dugu, eta beste batzuen bizitza arriskuan dagoela dirudi. Sam Levinsonen telesailak eskema asko apurtu ditu azken urteetan. Nerabeen drogazaletasuna pantaila txikira ekarri du, eta emakumeek jasaten dituzten biolentziak modu desberdinetan ikusi ditugu. Horretaz gain, argazkigintza eta soinu banda oso berezia sortu du istorio hau kontatzeko. Erritmoan ere ezin zen klasikoa izan, eta antsietatea sortu diguten kapituluen ostean, behar genuen geldiunea oparitu digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.