Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

RIP edo GIF

2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Gero eta jende gutxiagori ardura zaio ohiko telebista. Eta ardura zaienei gero eta gutxiago ardura zaie. Telebistan ematen dena —edo ez dena— inoiz gutxitan da sareetan albiste, apenas sortzen den, aspaldian, ika-mika edo eztabaidarik. Lehen, etxeko pantaila bizi horretan agertuz gero, dozenaka lagunek deituko zintuzten berehala. Orain, telebista saio batean lan egin dezakezu inguru askotan erabat anonimo izateari utzi gabe. Behinola Ekografiak diren zutabe hauek txalo, birtxio eta liskar iturri oparo ziren. Orain inor gutxik ematen digu like, baita clikcbaita-ren errekurtso zikin hori baliatzen ahaleginduta ere. Telesailen olatuak nekatu egin gaitu. Lehengo zirrararen laurdena eragiten dute.

Telebistazaleari —edo sasi-kritikoari— kasketa ematen dionean, halako erdi-egia tranpatietan erortzeko tentazioa izaten du: telebistaren heriotza definitiboa iragarri eta podcastgintzara aldatzekoa. Edo hegaztien behaketara, hobe. Baina frustraziorik apokaliptikoenak ere badu bere salbazio bidea: teoria ilun guztiek dute beren herrena. Nik Twitter, Telegram edo InstagramekoGIFetan aurkitu dut hileta-kanpaiak alboratzeko motiboa.GIFak dira, izan ere, —memeekin batera— 2010-2020 hamarkadako komunikazio tresna eraginkorrena. Hitz soilez esaten ez dakizkigunak irudi segida batekin adierazteko gaitasuna dute, hizkuntza propio bat garatu da haien baitan, eta denok ezagutzen ditugun erreferentzietatik abiatutako txisteak zirenak bere horretan erreferentzia edo toki komuna izatera igaro dira maiz.

Bada, ba al dakizu nondik datozen GIFen sorburu izan diren irudi horiek? Bai, telebistatik. Telesailak, umorezko saioak, esketxak, aurkezleen hanka sartzeak, gonbidatu xelebreak... Horien nahasketa eder eta askotarikoa da mundu komun imajinario berriak sortzeko balio (izan) duen jatorrizko elikagaia. Pentsa: Twitterren UEUren Bekaduna telesailaren GIFak ere badaude jada. Telebista hiltzear dela pentsatzen duenik bada, eta, beharbada, forma jakin batzuen azken urteak ari gara ikusten. Baina GIFen sorburua telebista den bitartean, telebista biziko da, nola edo hala. Toki komunak dira ondokoarekin ulertzeko akuilua. Munduak —forma eta hizkera aldiro berrituetan, hori bai— erreferentzia konpartituak beharko ditu bihar eta etzi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.