Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Kabian

2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Lagunarteko elkarrizketa edo solasaldia, eta bertan sortzen den hori guztia. Ez dago formatu zahar eta klasikoagorik, eta, hala ere, hizlariak interesgarriak badira, ezer gutxik hobetu dezake. Gazteak aurkeztu berri duen Kabian formatua ere horrexetan oinarritzen da. Bi musikari —edo gehiago— batu dituzte, eta elkarlanean nola sortzen duten jaso, abesti konpartituaren aurkezpenarekin borobiltzeko gero. Rozalen eta Zea Mays taldeko bi kideen batuketak osatu du lehen alea. Ez naiz ni abestia ondu dute.

Gazteari eta musikari begiratzeko (izan) duen moduari bainak jarri zaizkionean, halakoak azpimarratu ditu askok: emaitzari eta oihartzunari gehiegi erreparatzea; tendentzia edo modari, biraltasunari, arinkeriari. Gaztea Kabian egitasmoak, hein handi batean, horrekin apurtzen du: prozesuari jartzen dio arreta, musikarien arteko harremanari, elkarrizketa patxadatsu eta libreari. Gazteak egina da, baina izan zitekeen, aldaketa batzuekin bada ere, Argia-k edo EITB Kultura-k egindako produktu bat. Aurreiritzi bat baino gehiago apurtuko ditu.

Baita, beharbada, Gaztean bertan ere. Izango da irratiaren barrunbeetan pentsatzen duenik jendeak —jendea den masa uniforme arraro horrek— formatu laburrak soilik nahi dituela, gazteei ez zaizkiela berriketa patxadatsuak interesatzen, alferrik dela Instagram sare sozialeko reel batean sar ezin daitekeen ezer eginez denbora galtzea. Rozalen eta Zea Maysen elkarlana jasotzen duen bideoak, ordea, lau mila bisita baino gehiago izan ditu egun gutxitan. Egin aproba: ea bazterrotan egiten diren zenbat bideo dauden halako zenbakietatik gertu.

Badakit zer esango didazun: agerikoa da bideoa nagusiki gaztelaniaz dela, eta, beharbada, horrek datuak desitxuratu ditu. Tira, bigarren, hirugarren edo laugarren bideoaren ibilbidea ikusita soilik argitu ahal izango dugu hori. Baina, zenbakiak zenbaki, Kabian formatua Gaztearen eboluzioaren zantzu bat gehiago da. Aspaldi da irratia baino dezente gehiago dela, eta orain, telebista izaerara gero eta gehiago hurbiltzen ari den honetan, gaztetasuna edukiz jantz daitekeela frogatzeko bidea hartu du. Hori bai, irrati formularen esentzia erabat alboratu gabe. Yoko Ona, Lay Day, Zulora eta orain Kabian. Ez da hasiera makala bide berriak urratzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.