Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Zerrendak

2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Urteari agur esango diogu aste honetan. Horregatik, aste hau urteko asterik bereziena da.Eguberri eguna pasa dugu jada, eta Urtezaharrerako prestatzen ari gara. Horretaz gain, bihar inozentaden beldur egongo gara, eta gaur kazetari batzuk zein albistetan gezurra esateko aukera izango duten pentsatzen egongo dira.

Telesailen zaleentzat zerrenden astea dugu. Urteko telesail onenen zerrendak hedabide askotan irakurriko ditugu eta zerrendetan dauden telesail asko ikusi ez baditugu, gaizki sentitzeko arriskua dugu. Azken boladan hain famatua egin den FOMO-a izan dezakegu eta urtean zehar zer ikusi dugun hori ranking batean jartzeko beharra izango dugu.

Urte honetako telesailen zerrenda egiten saiatzen naiz urtero, baina aurten nagikeria pixka bat dut, eta ez dut zerrenda egiteko gogo askorik. Urtean zehar telesail apartak ikusteko aukera izan dut: Euphoria, Julia, Borgen, In My Skin, Autodefensa eta White Lotus daude, besteak beste.

Telesail horiekin guztiekin asko gozatu dut, baina aurten ezustekoa eman didan telesaila ¡García! (HBO Max) izan da. Telesail honen inguruan espektatiba gutxi nuen, nahiz eta HBO Maxeko prentsa arduradunek telesailaren promoziorako bidali dituzten email asko jaso ditudan telesaila estreinatu baino lehenago. Telesaila ikusten hasi nintzenean zerbait zaharkitua izango zela pentsatu nuen, baina ezusteko aparta eman dit fikzio horrek.

Ez naiz superheroien inguruko istorioen zalea, baina kasu horretan, historia eta zientzia fikzioa uztartzen dituen telesaila da ¡García!. Protagonista frankismo garaiko superheroia da. Bere heriotzaren ostean, kapsula berezi batean gorde zuten bere gorpua, eta 60 urte beranduago kazetari batek berpiztu egin du. Zientzia fikziozko istorio bat izanik ere, Espainiako politika islatzen duen telesaila da. Espioitza, kazetaritza eta estatuaren sekretuak jorratzen ditu telesailak. Santiago Garciak eta Luis Bustosek idatzitako izen bereko komikian oinarritutako istorio honek telesail dibertigarri eta entretenigarri bat egiteko aukera eman du. Egun hauetan argitaratzen ari diren zerrenda horietan telesail hau ez da galdu, eta askotan agertzen da. Nirea egingo banu, zalantzarik gabe bertan egongo litzateke. Agian nire zerrenda egin beharko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.