Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

90

2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
«Hor, noraezean, 1990eko uzta», kantatzen du Merina Grisek. Eta belaunaldi baten ereserkia bilakatu da kasik. Badirudi bat baino gehiago sentitzen dela —garela— identifikatuta. Susmoa dut 1990eko uztaren aipamenagatik bainoago dela noraezean horregatik. Etorkizunak beldurra ematen badizu, deserosoa bazaizu oraina, ez da harritzekoa arnasa iraganean bilatzea. Edo iraganaren antza duen orain batean, bestela. Beharbada, horregatik ematen diogu orain guztiari 1990eko hamarkadaren edo 2000. goiztiarraren traza. Bueltan dira kanpai formako galtzak, zilborreko piercing-ak, metxak, Nokia sakelakoa eta GameBoy colorra-ren iruditeria erreproduzitzen duten kartel eta grafismoak. «Flow 2000» esan zuen Aitor Bizkarrak. Ikus-entzunezkoetara ere badator olatu horren zipriztinik. Aftersun film zoragarriak, adibidez, 1990eko hamarkadako uda sargorira garamatza. Ekoizleen begietan, ezin hobea da unea gure nerabezaroko edukiak berreskuratu edo berrasmatzeko. Eta zer esanik ez, izenetik bertatik keinua azpimarratzeko aukera baduzu. Hori da, itxura batean, pentsatu dutena Thats 70's Show saioa —Aquellos maravillosos 70 izenarekin ezagutu nuen nik, La2en— oinarri hartuta, Thats 90's ShowSpin-off-a sortu dutenek. 1998koa zen lehen telesail hark atzera begiratzen zuen. Orain, jokaldia errepikatuz, lehenengo haren garaiak irudikatzen ahalegintzen da berria, 25 urte geroago.

Galdutako ikusle nostalgikoarentzat, tranpatia izan daiteke emaitza. Kontraesankorra. Leku ezagunetan garatzen da istorioa, non eta betiko sotoan, Ericen gurasoen etxean. Red eta Kittyrenean zehazki. Haiek ere bizi dira oraindik, eta nire harridurarako, ez dira gehiegi aldatu: ez itxuraz, ezta izaeraz ere. Bikote heldu zoragarria osatzen dute oraindik, edozein trama aberasteko gaitasuna duena. Telesail zaharraren eta berriaren arteko zubi nagusia dira. Ez bakarra. Dona, Eric, Fez, Michael eta abar ere agertzen baitira. Ikusle nostalgikoak haien bizitzak zein norabide hartu duen ahal izango du jakin. Baina, kasu: ohartuko da ez dutela amestutako bizitzarik, guraso direla haietako asko, eta, are, orain haien seme-alabak direla sotoa kez, garagardoz eta istorioz beteko dutenak. «Zer gara pantailak itzalita? Nostalgiak galdutako arimak», kantatzen du Merina Grisek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.