Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Purrustada

2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Purrustada bertsuak entzun dizkiot ezagun bati baino gehiagori. Pentsa nezake hogeita hamarren krisiak modu antzekoan pitzatu dituela denak, edo psikologo berberarenera doazela, bestela. Baina ez. Kasu honetan, sektoreak batzen ditu. Telebistan egin dute lan, eta dagoeneko utzi ez badute, noiz utziko zain daude. Epe laburreko kontratu etenak, ordutegi eskasak, oporrik eza, estresa, lanaren erdia alferrik egiten dutela sentitzea, gehiegizko hierarkizazioa... Nekeari izenak jartzeko ahaleginean hasten direnean, halako argudioetara jotzen dute.

Ez da telebistarena ezegonkorra den lan eremu bakarra. Kazetariek ere, urrutira joan gabe, maiz izaten dute osasun mentala kolokan. Eta zer esanik ez, borrokan ari diren osasun langileek. Baina ezinegon orokorrak ez du norberarena baretzen. Ekoiztetxeek, nola ez, badute erantzukizunik: badira praktika zaintzaile samarrak dituztenak, eta badira behin-behineko langile multzoak konplexurik gabe zukutzen dituztenak.

Baina Euskal Herrian telebista publikorako ekoizten da nagusiki. Eta dirua jartzen duenak, enkarguaren baldintzak zehazten dituenak, ezin dio bizkar eman gertatzen denari. Saioak beti badaude kolokan, astez asteko ikusle datuek ebatziko badute ibilbidea bi astekoa edo bi urtekoa izango den, nekez sortuko da talde egonkorrik. Eta horrela ez bada, langileek jarraituko dute galdera marka batean zintzilik: joan ahal izango naiz bikotekidearekin oporretara? Merezi du astearte arratsaldeko yoga klaseetan izena ematea? Sartu naiteke, aurrezki apur hauekin, hipoteka batean? Bada hau zaintza lanekin uztartzerik? Arduraren bigarren zatia ekoiztetxeen hautaketan dago. Udalak hasiak dira aspaldi euren kontratu deialdietan klausula sozialak txertatzen. Ezaugarri jakin batzuk dituzten enpresak puntuz saritzen dituzte. Zergatik ez saritu ekoiztetxearen jabetza langileen esku egotea? Edo kargu esanguratsuenetan emakumeak izatea? Edo ez izatea soldata arrakalarik? Halako formulek telebistako ekoiztetxeen ekosistema eraldatzeko gaitasuna izango lukete. Ikuspegi kontua da: lehiakortasunaren logikak dio estutzen gaituztenean ematen dugula gure onena. Ez da hala. Urtero dozenaka langile fin galtzen ditu sektoreak. Ez dago kalitatezko telebistarik langileen ongizaterik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.