Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Aldi berean

2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gauza bat baino gehiago aldi berean egitea ez omen da erraza. Ezta gomendagarria ere. Errotuta dagoen ideia da hori; edo izan da, behintzat, sakelako ahalguztidunak poltsikoan izan ez ditugun artean. Orain, kontrara, arraroa da gauza bat eta bakarra egiteko tarterik aurkitzea. Podcast bat entzun bitartean egiten dugu harrikoa. Twitter errepasatzen dugu telesail bat ikusi bitartean. Eta batek baino gehiagok laneko telefono dei luzeak arratsaldeko pasierarekin uztartzen ditu, haririk gabeko aurikularrei esker. Ez da harritzekoa telebistara horren oihartzuna ailegatzea.

Badadoa hilabeteroko saioa ikusi besterik ez dago. Jon Peli Etxeberria Darraidou aurkezleak elkarrizketak egiten ditu bertan, baina ez edonola: berriketaldia bideojokoetan aritu bitartean gertatzen da. Ipar Euskal Herriko gazte komunikabidea den Badak ekoizten du, baina Youtuben eta Kanalduden ere ikus daiteke. Nabarmena da Twitch eta gisakoen eragina. Bertako streamer-ek nola, pantailaren zati handi bat bideojokoan bertan gertatzen denak hartzen du zati askotan; eta lauki txikiago batean, jokatzen ari diren kideak agertzen dira. Bideojokoak aldatu egiten dira, gainera. Bai saioan bertan, eta baita atalez atal ere: Bomberman, Street Fighter, Tetris

Bideojokoak gonbidatuak entretenitzeko errekurtsoa baino gehiago dira, dena den. Etxeberriaren galdera askok mundu horri egiten diote erreferentzia, gonbidatuen zaletasunak eta joerak ezagutu nahian. Anize Amestoi bideojokoetako soinu diseinatzailea elkarrizketatu dute, besteak beste. Hark musikatu duen Pile Up jokoan aritu dira harekin. Bestelako kontuez hitz egiteko testuinguru egokia ere sortzen dute saioan: gaztetxeez, musikaz... Andoni Ollokiegi musikari deskribaezina izan da, adibidez, azken gonbidatua.

Teknikoki oso elementu gutxi dituen saioa da, baina, bideojokoek eskaintzen duten bizitasunari esker, ordu erdia aise igaro arazten du. Badu gazte hedabideek ohi duten amateurtasun kutsua, baina ez dio horrek baliorik kentzen. Alderantziz, gazteenen begietan, ohiko telebistak ez duen sinesgarritasuna eman diezaioke. Nik beti nahiago izan dut jolastu, beste batzuek nola jolasten duten begira egon baino. Baina dikotomia zahar samarra. Dagoeneko bi gauza horiek ere aldi berean egin daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.