EKOGRAFIAK

Telesailak tapiz gorrian?

Gaizka Izagirre
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ate joka dugu aurtengo Donostiako Zinemaldia. Bertan, azken urteotan, Antidisturbios, We Are Who We Are eta Fácil telesailak estreinatu dira, besteak beste. Aurten La Mesías, Itxaso, El otro lado eta Nada iritsiko dira. Gero eta ohikoagoa da zinema jaialdien testuinguruan telesailak topatzea, baina formatua estreinatzeko lekurik aproposena al da? Urte batzuk atzerago joanda, 2014. urtean P'tit Quinquin estreinatu zen Cannesko Zinemaldian, baina 2017an iritsi zen zalantzarik gabe mugarririk garrantzitsuena: David Lynchen Twin Peaks-en azken denboraldia proiektatu baitzuten bertan. Ez da kasu bakarra izan: Sundance entzutetsuan Jane Campionen Top of the Lake eman zuten, Austinen Mr Robot, eta Veneziako Mostran Alex de la Iglesiaren 30 monedas.

Ekitaldi horietan telesailen presentziak anekdotikoa izaten jarraitzen du, ez baitira sail ofizialetan lehiatzen, eta emanaldiak, normalean, ez dira oso jendetsuak. Etxean ikustearen eta zinema jaialdi orokor batean ikustearen tarteko konponbidea telesailen jaialdi espezifikoak sortzea litzateke. Gutxi batzuk jada badaude; geure inguruan ezagunena Gasteizko FesTVal da, baina telebista saioetan zentratzen da batik bat. Euskal Herriko mugetatik harago, Bartzelonako Serielizados Fest edota Frantzian egiten diren Séries Mania eta CannesSeries aipatuko nituzke eredu interesgarri modura. Jaialdi tematikoak sortzeaz gain, oraingoz irekita jarraitzen duen bide bakarra zinema jaialdi orokorren barruko programazio zabalean txertatzea da. Baina telesailak kontsumitzeko dugun moduagatik, eta batez ere jaialdi hauetan izaten duten trataeragatik, formula horri ez diot etorkizun handiegirik ikusten. Akaso Austin-eko SXSW jaialdian (AEB) egiten duten antzeko zerbait izan liteke irtenbidea: bereizitako sail bat sortzea. Hau da, Donostiako Zinemaldian Sail Ofiziala, Zabaltegi eta Zinemira sailak dauden moduan, Telesailak izeneko saila sortzea.

Dena den, erantzuna, agian, uste dugun baina sinpleagoa eta gordinagoa da: oraindik ere serieen joko zelaia plataforma digitalak eta telebista dira. Jaialdietan hautatzearen ahalegin hori ez da oso naturala izaten ari, eta pentsatzen hasi beharko genuke geure etxeko sofan eserita eta telebistan kontsumitzeko sortuak izan direla, eta ez zinemaldi baten testuinguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.