Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Benetako kezkarik balego

2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Bi atal nagusitan banatu zen ETB1eko Ur handitan saioaren astearteko emankizuna: lehen atala ETB1eko aurreneko telesailei egindako omenaldia izan zen, Hau da A.U., Bi eta bat eta Goenkale gogoratuz bereziki, Ane Gabarain, Elena Irureta, Eneko Olasagasti, Joxemari Berasategi, Ainhoa Aierbe eta Pedro Fuentesen lekukotasunen bidez. Bigarren atalak euskarazko telesailen gertuko iraganari, orainari eta geroari erreparatu zien, Hasiberriak, Go!azen, Alardea, Hondar ahoak eta Altsasu telesailak aipatuz, Oihana Maritorena, Iholdi Beristain, Jabi Elortegi, Koldo Almandoz eta Jon Olivaresen eskutik, eta Nomofobikak eta Gutuberrak websailak, Olatz Beobideren azalpenen bidez.

Lehen atalean, argi geratu zen euskarazko telesailak bitarteko gutxirekin eta borondate handiz egin zirela, eta oso oroitzapen onak utzi dizkietela hala haietan parte hartu zutenei nola ikusleei. Goenkale, berriz, aparteko kasua izan zen, «Europako telesailik luzeenetako bat», Xabier Madariagak gogoratu zuenez, eta aktore, teknikari eta arloko profesional askoren lantoki eta eskola urte askoan.

Bigarren atalak erakutsi zuen azken urteotako telesailak ere ez direla aise eta aldeko giroan erditu, eta etorkizuna ez dela oskarbi ageri. ETB1en gaur egun ez dago euskaraz sortutako telesailik, eta aurtengorako agindutakoen berririk ez da aspaldian (hori bai, badakigu, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean esanda, Altsasu-k ez duela jarraipenik izango, «desadostasunak» eta «polarizazio politikoa» saihesteko). Fikzio bikoiztua, berriz, inoiz baino urriagoa da ETB1en —Floorren arauak da gaur egun eskaintza bakarra—, eta ETB1etik aparte ere ez dago ia batere aukerarik, plataforma handientzat euskara traba hutsa dela baitirudi, endredo gogaikarria.

Euskara gero eta uharte txikiagoa da ikus-entzunezko fikzioaren ozeano gero eta handiagoan. Gabezia larria da, ez ikus-entzunezkoen arloko profesionalentzat soilik, baita euskararentzat ere, kontuan hartzen bada telesailen kontsumoak zer gorakada izan duen azken urteetan, eta zer eragin duen horrek hizkuntzaren eguneroko erabileran. EITB baino goragoko erakundeak ere kezkatu beharko lituzkeen gabezia da, erakunde horietan euskarari buruzko benetako kezkarik balego.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.