Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Dena zalantzan, dena urrun

2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Harlan Cobenen The innocent nobelan (2005) oinarrituta, protagonista (Mat) ezustean harrapatzen duen gertakari batetik hasi eta, ezustetik ezustera etengabe jauzika, kontatutako guztia behin eta berriro zalantzan jartzen duen argumentua dauka Oriol Pauloren El inocente telesailak (Netflix, 2021), ikuslearen jakin-mina elikatzen asmatzen duena, aktore ezagunen lan onaren laguntzaz, Mario Casas, Aura Garrido, Alexandra Jimenez eta Jose Coronado, besteak beste. Diskoteka atariko borroka batean «istripuz» gertatzen den heriotza batekin abiatzen da trama, eta hobe hortik aurrerakoari buruz azalpen asko ez ematea, spoiler-ik egin nahi ezean.

Profesional bikain askoren lana batzearen emaitza da, lan biribila, atal baten ondoren ikuslea hurrengoa ikusteko gogoz uzten dutenetakoa, eszena bakoitzean zerekin gozatua eskaintzen duena... Baina ikusleari, hala ere, oso urruna egiten zaio kontatzen den guztia, eta izan daiteke, neurri batean, inoiz ez delako pertsonaiak gertutik ezagutzera iristen, urrun geratzen zaizkiolako, ez dakielako haiei buruz behar adina, eta gainera tramak berak zalantzan jartzen diolako, behin eta berriz, haiei buruz ustez dakien apur hori. Ez nuke hori akatsa denik esango, urruntasun hori ez baita egileen asmoek huts egitearen ondorio. Izatekotan, telesailak ikus-entzule batzuentzat izan dezakeen gabezia bat da, besterik ez; baina, ikus-entzule horietako batzuentzat behintzat, garrantzitsua.

El inocente, alde horretatik begiratuta, ez da ale bakana, beste asko bezalakoa baizik. Susmoa dut gaur egun oihartzun handia duten telesail asko antzekoak direla hala bertuteei dagokienez nola aipatu dudan gabezia horri dagokionez. Plataformek telesail kopuru handiak behar dituzte, gero eta handiagoak, horien kontsumoak izandako gorakadaren ondorioz, eta eskari horri erantzuteko ondo landutako gidoi teknikoki eraginkorrak bilatzea ez da, antza denez, hain zaila; teknikatik haragoko beste zera hori dutenak, ezin defini daitekeen eta ikusle bakoitzarentzat desberdina den baina hala ere, aldez edo moldez, igarri egiten den beste zera hori dutenak, barruan nola edo halako arramazka egin eta arrastoa uzten dutenak... horiek urriagoak dira, bakanagoak, eta El inocente nekez sar daiteke sail horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.