Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

'Paraiso' purgatorioan

2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Desagerpen misteriotsu bat denek elkar ezagutzen duten herri txiki batean; hildakoak beren gisan bizirik, ezagutzen dugunarekiko paraleloa eta ukiezina den errealitate batean; gizaki itxurako jazarle beldurgarri eta gupidagabeak errealitate paralelo horretan; nerabezarora heldu berri diren neska-mutil batzuk gertatzen dena eta gertatu zaiena ulertu ezinik, ikerketa lanetan... Elementu askotxok uzten dute agerian Fernando Gonzalez Molina, Ruth Garcia eta David Olivak sortu eta Gonzalez Molinak zuzendutako Paraíso telesailak (Movistar Plus, 2021) Matt eta Ross Duffer anaien Stranger Things arrakastatsuarekin (Netflix, 2016, 2017 eta 2019) duen parekotasuna, bilatua seguru asko eta, nahita edo nahi gabe, gutxi disimulatua. Baina kosta egiten da telesailak erakusten duen mundu fantastikoa ulertzen hastea, eta ulertzen hasitakoan koherente eta sinesgarritzat jotzea. Horrez gain, pertsonaiek ez dute erliebe handirik, hasieratik erakusten dituzten ezaugarriei lotuegi jarraitzen dute tramak aurrera egin ahala eta, horregatik edo beste motibo batzuengatik, aktoreen lana ere lotuegia da, distira gutxikoa. Bakar batek ere ez du lortzen ikusleak bere pertsonaia behin eta berriz ikusi nahi izatea, haren hurrengo agerpenaren irrikan egotea, tramak ez duen indarra bere lanaren bidez konpentsatzea. Seguru asko pertsonaiena da ahuldadea, aktoreena baino gehiago.

Arrakasta handiko telesail bat erreferentziatzat hartu eta hark erabilitako elementu batzuk erabiltzea ez da inondik ere arrakastaren berme; are gutxiago da kalitatearen berme kalitate handiko telesail bat erreferentziatzat hartu eta hark erabilitako elementu batzuk erabiltzea.

Litekeena da hala ere Paraíso-k arrakasta izatea, horretarako elementuak badituelako. 1992ko Espainia gogora dakarten elementuak erakargarri gerta daitezke, adibidez, ikusle batzuentzat. Bestalde, egikeran gutxieneko kalitatea duela ezin zaio ukatu, ezta entretenimendua ziurtatzen duela ere. Horri gehituz gero promozio aldetik bultzada handia jaso duela, litekeena da telesaila, arrakastaren aldetik, egileek ezarritako helburuak betetzetik gertu izatea, baita telesailak aurrerago denboraldi gehiago izatea ere.

Kalitatearen aldetik, aitzitik, purgatorioan geratu da Paraíso telesaila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.