Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Samurtasuna baliabide

2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Batzuetan istorioaren beraren gainetik, tramaren edo gidoiaren gainetik, aktoreen lanaren gainetik, era guztietako baliabide artistikoen gainetik, besterik gabe, samurtasunak egiten du erakargarri telesail bat. Baina, ondo pentsatuz gero, kasu horietan samurtasun hori ezinezkoa izango zen istorioak, tramak, gidoiak, aktoreek eta era guztietako baliabide artistikoek, edo horietako askok behintzat, ikusgarriak eta apartak izan beharrik gabe ere, huts egin balute. Hori pentsarazi dit Roberto Enriquez Bob Pop eta Alejandro Marinen Maricón perdido-k (TNT, 2021), bere lehen hiru kapituluak ikusi ondoren (falta diren beste hirurak etzi iritsiko dira pantailara). Ezertan aparteko distirarik egin gabe ere halako barne-goxotasun batez ikusten baita telesaila, irribarre samurrez ia beti, planteatzen dituen gai eta egoera batzuk oso gordinak diren eta leungarririk gabe tratatzen diren arren.

Autofikziotzat jo daiteke Maricón perdido, bere bizitzan oinarritu baita Bob Pop gidoia idazteko, eta kontatzen duen %90 inguru benetan gertatua dela esan baitu, errealitatean zuzenean oinarritua. Gaur egun pertsonaia ezaguna da Bob Pop Espainiako telebistagintzan, batez ere Andreu Buenafuenteren hainbat saiotan izan duen parte-hartzeari esker.

1980ko hamarkadara jotzen du telesailak hasieran, eta Roberto aurkezten digu, gupidarik gabe baztertzen eta estigmatizatzen duen gizarte bati aurre egin behar dion gaztetxo homosexuala, lodi samarra eta betaurrekoduna gainera, azak ontzeko. Ez behar adinakoak, jakina, baina kontu horretan aurrerapausoak egin dira azken hamarkadetan gure gizartean, eta telesailak ondo islatzen ditu orduko aurreiritziak eta laidoak.

Arrisku ugari zituen telesailaren hasierako planteamenduak, hala nola autokonplazentzia, manikeismoa eta gehiegizko biktimismoa, baina denei iskin egiten die, nola edo hala, Bob Popen kontaketak, eta telesailak, ezertan bereziki bikaina izan beharrik gabe ere, aise lortzen du ikuslearen konplizitatea eta aitortza. Neurri batean pertsonaia nagusiaren samurtasunari esker, hori egia da. Baina, arestian esan bezala, samurtasun hori ez zen nahikoa izango, jakina, istorioak, tramak, gidoiak, aktoreek eta era guztietako baliabide artistikoek, edo horietako askok behintzat, huts egin balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.