Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Kontseiluarekin edo kontseilu gabe

2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Nire buru-miopiarentzat urrunegi eta handiegi geratzen da ikus-entzunezkoen kontseiluari buruzko eztabaida. Gogora dezagun gaia hilaren 16ko BERRIA irakurriz: «EITB, Komunikazio Sozialeko Hedabideen Zerbitzua, Begira batzordea, Etorkinen Parte Hartzerako eta Integraziorako Foroa eta Zurrumurruen Aurkako Sarea daudenez, Eusko Jaurlaritzak uste du ez dela beharrezkoa ikus-entzunezko hedabideen kontseilurik sortzea. Jaurlaritzak ez du tramiterako onartu EH Bilduk kontseilu bat sortzeko aurkeztu zuen lege proposamena, eta Eusko Legebiltzarrean ez dute eztabaidatu ere egingo EH Bilduk sektoreko zenbait aditurekin landutako lege proposamena. EAJk eta PSE-EEk ez dute beharrezkotzat jotzen halako ikus-entzunezkoen kontseilurik sortzea».

Hortik aurrera, batzuen eta besteen arrazoiak aletzen dira BERRIAko artikuluan. Horiek irakurrita, ez da erraza iritzi sendo bat izatea, eta bakoitzak gertuen sentitzen duen alderdi politikoaren arrazoien alde egitea izango da normalena, baina horixe, gertutasun edo konfiantza hutsez, aurreiritziz azken batean, argudioen amorez baino gehiago. Esanguratsua da hala ere EH Bilduko Jasone Agirreren honako arrazoi hau: «Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseilua erreferente bilakatu da». Kontseiluarekin edo kontseilu gabe, txarra ez katalanak egiten ari diren bideari begiratu eta hartatik ikasgaiak ateratzea. Badakigu, bai, haien egoera soziolinguistikoa oso bestelakoa dela, baina horrek ez luke aitzakia izan behar hemen aspaldidanik nagusiturik dugun utzikeria erabatekoa zuritzeko.

Kontseiluarekin edo kontseilu gabe, begien bistakoa baita euskarazko ikus-entzunezkoen egoera zinez tamalgarria dela, euskara ikus-entzunezkoetan gizartean baino askoz ere beherago dagoela, erdarak azpiratuago, eta ETBk horri lagundu baino ez diola egiten ETB2ri lehentasuna emanez, ETB1en euskarazko fikzioa, euskaraz sortua nahiz azpititulatu edo bikoiztua, etxafuegoak jaurtiz ospatu beharreko salbuespen bihurtuz eta euskarazko telebistagintza anbizioz indartu beharrean bere zokoan goxo laketzen utziz, tarteka poz txiki eta apalez kontsolamendu emanda.

Kontseiluarekin edo kontseilu gabe, norabide aldaketa baten beharra begien bistakoa da euskarari buruzko kezka apur bat duen edonorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.