Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Zaindu ala galdu

2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Zaintza eta zaintzea. Ruper Ordorikaren ereserki eta guzti, aspaldiotan —hitzetan, bederen— lehentasunetan toki preferentziala duen egitekoa bilakatua zaigu: auto zaintza, zaintza kolektiboa, proiektuen zaintza. Baditu gutxienez bi alde: bata moralagoa, denoi zor zaigun gutxieneko laguntza, begirunea eta enpatiarekin lotuta dagoena; eta bestea, praktikoagoa. Sostengatuko gaituen inguru bat nahi badugu, nahi baditugu gertukoak—eta ez hain gertukoak— laguntzeko prest izan, ezinbestean beharko ditugu zaindu, ondo sentiarazi, kontuan hartu.

Merezi du ikuspegi hori telebistara ekartzea. Komunitate txikia da gurea, ez da erraza lanerako—gidoietan, aktore, erredakzioan...— prest izango den jendea aurkitzea. Are gutxiago, gonbidatu edo hizlariak konbentzitzea: sosik kobratu gabe, beren irudia, hitzak, gorputza, telebistan jar ditzaten. Maiz errepikatzen da erantzuna: sentitzen dut, baina ez. Ezezko horren abizenak askotarikoak dira, baina zenbaitetan—behar baino gehiagotan—, atzean dagoena aurretiko esperientzia txar bat da: oso berandu ordaintzea, gehiegizko lanorduak, eskakizunak ez aintzat hartzea, esandakoak testuingurutik kanpo eman direla sentitzea...

Prestigioa ez da soilik sari eta audientziekin irabazten. Nork bere bizipenak gertuko zirkuluetan kontatzeak ere bere bidea egiten du. Gonbidatuak edo langileak zaintzen ez dituen saio, atal edo dena-delako bakoitzeko, telebista —zentzurik zabalenean— aberatsagoa egingo luketen pertsona mordo bat galtzen ditugu. Ekoiztetxeetatik behin-behineko beharrei bakarrik begiratzen diogunean, geure buruari eta sektore osoari (ere) egiten diogu kalte.

Afera ez da —soilik— praktika desegokiak dituzten ekoiztetxeak hatzarekin seinalatzea. Gehiago edo gutxiago, denek dute —eta dugu— zer hobetua. Horrekin batera, begiratu behar zaio argazki orokorragoari ere. Ondo zaindua ez denak —itota dabilenak, asmatu ezinda, epe ertainerako bermerik gabe— nekez zainduko du ondo. Eta horretan, telebista kateen egiteko moduek dute eragina. Audientziei begira bizi gara maiz, non dauden eta nola iritsi asmatu nahi eta ezinean. Baina plan estrategikoak idazteko garaia den honetan, ez da une txarra gogoeta honi bere tokitxoa eskaintzeko: nekez izango ditugu ikusle asebeteak erre gabeko hizlari eta langileak ez baditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.