Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Zinemaz eta zinez

2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Gutxi izango dira kanpoaldeetan maskara janztearen alferrikotasunarena bezain sinesmen kolektibo eta orokortuak. Pandemia hasi denetik, lehen aldiz gaude denok gutxi-asko ados; denok, gobernuetako ordezkariak izan ezik. Neurri ezin zentzugabeago bat behar izan da, baina tira, gauza gutxi batzuetan bada ere, bat egin dezakegu oraindik.

Kultur alorrera etorrita, bada ia-ia aurrekoa bezainbesteko kontsentsuz aldarrikatu daitekeen beste baieztapen bat: azken hamarkada honetan, euskal zinemagintzaren kalitateak eta oihartzunak gora egin du nabarmen. Ez da Moriartitarren filmek lortu dituzten sari mordoagatik bakarrik. Fikzioan zein dokumentalgintzan, bietan nabarmendu dira beste makina bat egile: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Josu Martinez, Maider Oleaga, Paul Urkijo, Ximun Fuchs, Lara Izagirre...

Haien bueltan, gainera, zinemaren ertz guztietan aritzen diren profesional tekniko multzoa trebatu da, gerora jarraituko duena gaitasun hori beste lan batzuetara eramaten. Aktoreez zer esan: Espainiako azken sari potoloen artean, gehien gehientsuenak—emakumezkoen artean, nagusiki— euskal aktoreek eraman dituzte. Pixkanaka bertako zein nazioarteko lanetan ari dira tokia egiten. Elena Irureta, Jone Laspiur, Ramon Agirre, Eneko Sagardoi, Itziar Ituño...

Zer esana eta hori kontatzeko talentua duten dozenaka egile daude, baita hori ahalbidetzen duen profesional saldoa ere. Eta hala ere, Zinemaldiaren hamabost eguneko lilura kolektiboaz gaindi, apenas du gure telebistetan lekurik. Film gehienek ez dute ETBerainoko bidea egiten, eta egileek, asko jota, promozio elkarrizketa bat edo besterako aukera dute.

Eskerrak, beste behin, Kanaldude gainontzekook baino biziago ari den: Joana Olasagaztik aurkezten duen Zinez saioa abiatu dute berriki. Zinemagile batekin izandako ordubeteko solasaldia da saioaren oinarria, eta hizketa teknikoegietan galdu gabe ere, haren lanaren ertz (ia) denetan arakatzen dute. Zinema bada hori ere: dena azkarra eta azalekoa den honetan, begirada patxadatsu eta sakonago baterako leihoa. Zinez-ek ere begi horiekin begiratzen dio zinema egitearen lanari. Hiru saio zabaldu dituzte oraingoz, baina bide luzea opa diot nik: beren ikuspegia azaltzen entzun nahi nituzkeen dozenaka artista daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.