Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Etorkizuna

2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Non ikusten dugu egunero jasotzen dugun informazioa? Zutabe hau paperean ala sakelakoan irakurtzen ari zara? Ziurrenik sakelakoa eskuan duzula, eta lerro hauetara iritsi baino lehen, sare sozialetan murgildu zara. Egunkaria erosi baduzu edo liburutegian irakurtzen ari bazara, ez dut zalantzarik sakelakoarekin denbora pixka bat pasatuko duzula egunean zehar.Gazteen ohiturak aztertzen baditugu, egoera areagotu egiten da, eta beraien informazio iturriak gutxitan izaten dira hedabide tradizionalak. Gazteek aktualitatea beste modu batera jarraitzen dute, eta askotan albisteak sare sozialetan jarraitzen dituzten pertsonen komentarioen bitartez ezagutzen dituzte. Nire kasuan, Twitterren albisteak gainetik irakurtzen denbora eman ostean, asko gustatzen zait Ines Hernandek bere Instagram kontuan aktualitateari ematen dion errepasoa ikustea. Desinformaziorako arriskua ekartzeaz gain, kazetarien lana albo batera uzten du.

Horren aurrean, hedabide tradizionalak estrategiak aldatzen ari dira eta formatu berriak probatzeko aukerak aurkeztu dituzte. Hedabide batzuek Twitchen ireki dute kontua, telebistako eduki asko Youtuben ikusgai daude, eta saio askorentzat ezinbestekoa da Instagram edo Twitter kontu bat izatea. Hori nahikoa al da?

EITBk apustu berri bat eskainiko digu gaur Youtuben. Review: Aita Mari-ren bidez, Asier Sanchez kazetariak Aita Mari itsasontzian bizitakoa kontatuko digu formatu oso berezian. Youtuben edo Twichen ari diren pertsonen antzera, ordenagailuaren aurrean jarriko da bizitako esperientziak kontatzeko. Erreskateko ontzian bizi zuenaz gain, bertan ezagutu zituen pertsonen esperientziak ekarriko dizkigu.

Ezinbestekoa iruditzen zait esperientzia gogor hori kontatzeko bide desberdin bat bilatu izana. Albistegietan Mediterraneo itsasoa zeharkatzen duten pertsonen irudi asko ikusi dira azken urteetan, eta badirudi ez direla inora iristen.

EITBk esan du Review formatu berritzailea dela. Berritasuna sare sozialetan dagoen komunikazio formatuak hartzea izango da. Horiek telebistak dituen baliabideekin uztartuko dira, eta youtuber arrunt batek baino kalitate handiagoko edukia ekarriko digu. Formatu uztarketa horrek atentzioa eman dit, eta agian telebistaren etorkizuna izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.