Jai Hindley

Gau galduak gogoratuz irabazi du

Itzuli handi bat irabazi duen bigarren australiarra da; Giroan nagusitu den lehena. Gutxik jo zuten hautagaitzat, baina nor baino nor gehiago aritu da Carapazekin eta Landarekin, eta eraso bakarrarekin irabazi die. Lasaitu handia hartu du, 2020an Giroa azken egunean galdu ostean.

MAURIZIO BRAMBATTI / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Txirrindularitza proba nagusiak ikustea eta lo egitea bateratzen zailak dira Australiako zaleentzat. Han goizaldeko ordu bata edo ordu biak direnean iristen dira ziklistak helmugara. Podiumeko zeremonia ere ikusi nahi dutenek begi zuloak ziurtatuak dituzte biharamunean. Atzo eguna aho zabalka hasiko zuten australiar askok, baina begi puztuetan poz handia islatuz, bezperan Italiako Giroa aurrenekoz irabazi baitzuen haien herrikide batek: Jai Hindleyk (Perth, Australia, 1996). Bora taldeko txirrindulariak larunbatean jantzi zuen maglia arrosa, Marmoladan egindako eraso bortitz bati esker, eta arazorik gabe defendatu zuen igandean, erlojuaren aurka. Sorterriaz oroitu zen Veronako anfiteatroan garaikurra altxatu aurretik. «Oso harro nago australiarra izateaz, eta sekulakoa da garaipen hau etxera eramatea».

Hindleyk ondo daki lorik gabeko gauak zer diren. Gaztetan itzarrik mantendu zuten Cadel Evansen balentriek. Hura zen, orain arte, itzuli handi bateko irabazle australiar bakarra, 2011ko Frantziako Tourrean nagusitu ondotik. Hindleyk hartu dio lekukoa, Giroan lortu berri duen garaipenarekin. Kutuna du proba italiarra, bigarren izan baitzen 2020an, Tao Gehogheganen (Ineos) atzetik. Emaitza hark egin zuen ezagun elitean, baina loa galarazi zion sarri, azken egunean galdu zuelako lidergoa, erlojuaren aurka. Bi urte geroago, arantza atera eta deabruak uxatzea lortu du. «Emozio nahasketa daukat oraintxe. Presente nuen 2020an gertatu zitzaidana. Esperientzia hura ezin zen errepikatu. Oso ondo sentitu naiz, hegan ariko banintz bezala», esan zuen herenegun, lasterketa bukatu berritan.

Bere burua aldarrikatu beharra zeukan, behera eginda ibili baitzen iaz, erorikoen, lesioen eta osasun arazoen ondorioz. Sei itzulitan hartu zuen parte, eta bi besterik ez zuen bukatu. Giroan, etxerako bidea hartu zuen 14. etapan. «Oso urte gogorra» izan zen, herenegun aitortu zuenez. «Ezin izan nintzen Australiara itzuli, eta asko sufritu nuen bizikleta gainean». Eliteko kirolak oso memoria laburra du, eta australiarra ahanzturan erortzeko arriskuan zegoen. Inork oroitzekotan, behin distira egin, eta gero itzalitako ziklista gisa gogoratuko zuen. Bada, berriz ere onenen pare jarri da Hindley, Giroan. Non bestela. «Nire lasterketarik gogokoenetako bat da, eta itzela izan da berriz ere irabazteko lehian aritu, eta hiru asteren ondoren garaipena lortzea».

Su geldoan lortu du arrakasta Hindleyk, kolpe erabakigarria bukaerarako utzita. Faborito nagusien itzalpean hasi zuen Giroa, eta 9. etapan egin zuen lehen agerraldia: azkarrena izan zen Blockhauseko helmugan. Halere, igoeran hura baino indartsuago agertu ziren Mikel Landa (Bahrain), Richard Carapaz (Ineos), eta Romain Bardet (DSM). Frantziarrak lasterketa utzi behar izan zuen egun batzuk geroago, gaixorik. Landak eta Carapazek indar betean jarraitu zuten, eta haien gurpilera itsasi zen Hindley. Torinoko etapan, Carapazen hordagoari erantzun zion, eta lau segundo kendu zizkion Aprican, gainsariei esker. Hori horrela, ekuadortarrari hiru segundora hurbildu zitzaion sailkapenean. Eta mendiko azken etapan eman zion azkena: helmugatik hiru kilometrora eraso zion, eta ia minutu eta erdi atera zion. Lidergoa bereganatu, eta arazorik gabe defendatu zuen erlojuaren aurka.

Jauzia itzulia handietan

Esprintetan eta erlojupekoetan egin izan dute distira Australiako txirrindulariek. Alabaina, orain gutxi hasi dira bihurtzen itzuli handiak irabazteko hautagai. Azken hamabost urteetako kontua izan da. Evansek ezarri zuen mugarria: hiru aldiz igo zen Tourreko podiumera, 2007an, 2008an eta 2011n. Bi bigarren postu kateatu, eta garaipen preziatua lortu zuen azkenean. Horrez gain, hirugarren izan zen 2009ko Vueltan eta 2013ko Giroan. Gero, Richie Porte azaldu zen. Langile aparta izan da itzuli handietan, baina zortea falta izan zaio taldeburu gisa jardun duenetan. Halere, podiumeko hirugarren koskara igo zen 2020ko Tourrean. Jack Haigek ere postu berean finitu zuen iazko Vuelta. Hindley, berriz, bi bider izan da jada Giroko hiru onenen artean.

Gazterik atzerrira joan behar izaten dute goi mailako ziklismoan bidea egin nahi duten ziklista australiarrek. Hindleyk, adibidez, Taiwango talde batean egin zuen debuta profesionaletan, 2016an. Denboraldi bat geroago, hirugarren izan zen 23 urtez azpikoen Giroan. Sunweb taldeak fitxatu, eta lau urte egin zituen han. Harik eta denboraldi honetan Borara joan den arte. Peter Saganen aroa bukatu ostean, eskalatzailez jositako taldea osatu dute alemaniarrek, eta Giroan, ezin hobeki babestu dute Hindley.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.