gorka julio
IRLEN SAREA

Aurreskundeak

2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hauteskundeak eta sareak izango dira hurrengo hilabeteetan protagonista nagusiak Hego Euskal Herrian. Komunikazio, propaganda eta kontrol sozial estrategia berriak ikusiko ditugula uste dut; horien sofistikazio maila zenbatekoa izango den izango da zalantza.

Behintzat bi espaziotan lehia izango da, komunikazio irekian mezu ultra segmentatuena eta bot bidezko estrategiak. Komunikazio itxiagoan aldiz meme borrokak eta itzaleko kanpainak. Lehenentzako sare sozialak (Facebook, Twitter, Instagram...) izango dira borroka esparru naturala, eta bigarrengoetan berehalako mezularitza tresnak (Whatsapp, Telegram, Signal...).

Segmentazioari dagokionez, alderdi politikoek legedi berezi baten barnean egokitutako mezu zuzenagoak bideratzeko aukera izango dute. Bestetik, azaleratzen joan dira, bot sareen —benetan pertsonak ez diren perfil automatizatuen—bidez jendearen pertzepzioan eragitea helburu duten estrategiak; horri astroturfing deitzen hasi zaio.

Bestetik, komunikazio itxiagoan, publikoak ez diren kanpaina hedatzeko estrategiak ere garatuko dituzte alderdiek. Memeak, informazio eta desinformazio saiakerak eta bereziki itzaleko kanpainak koordinatzeko erabiliko dira. Itzaleko kanpainen bidez, hainbat pertsonaren esfortzu bateratu bat antola daiteke, une batzuetan eragin gehiago izateko helburuarekin.

Zenbait zerbitzu aldaketa ere egitera doazela dirudi. Facebookek suprematismo zuriaren aldeko mezuak debekatzeko erabakia hartu du. Whatsappek taldeetan egiten diren konbertsazio pribatu gehiegizkoak ez ditu mugatuko, baina erabiltzaile askoren artean bidaltzen diren mezuak markatu egingo ditu, erabiltzaileari mezu hori hedapen intentsibo bat izaten ari dela jakinarazteko. Twitterrek promozio modu berri bat jarri du martxan: mezuek hedapen gehiago izateko aukera zabaldu dute. Ordainduz gero, noski.

Gogoratu 2014ko europar hauteskundeetan Facebookek jarri zuen «bozkatzera noa» botoiaren erabilerak ekarri zuena. 90 milioi pertsonek ikusi zuten mezua; kalkulatzen da 60.000 pertsonek horren ondorioz zuzenki bozkatu zutela, eta 340.000 gehiagorengan eragin zuela. Abstentzioari aurre egitea garrantzitsua bihurtuko den hauteskundeak izaki, kontuan hartzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.