Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Orain edo inoiz ez

2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Egia da gutxitan hitz egiten dela diru kontuez telebistan —La resistencia saioa salbuespena da—. Alegia, badaude gai deserosoak, eta ezin da horien gainean eztabaidatu. Beste adibide bat klima aldaketa da. Gutxitan hitz egiten da horri buruz pantaila txikian. BBCk Climate Change The Facts dokumentala ekoitzi du, lehen katean emateko. Ordubeteko lana da, David Attenborough zientzialari eta telebista dibulgatzaileak aurkeztua. Haren mezua: «Klima aldaketa mehatxu handia da».

Ez da albiste berria. Orain dela 30 urte zientzialariek ohartarazi ziguten beroketa globalaren eraginaz. Hau da, etorkizunean gertatuko zen zerbait bezala, baina jadanik ez da horrela. Klima aldaketa hemen da. «Hainbeste eta hain azkar ari gara munduko klima aldatzen, non historian lehen aldiz jendeak ikus ditzakeen benetako kalteak». Zinez? Nik zalantza daukat. Maiz ikusten ditugun ekaitz handiak, uholdeak, muturreko tenperaturak, itsas mailaren gorakada... ez dira nahiko arrazoi neurriak hartzeko. Gure zein hurrengo belaunaldien etorkizuna arrisku bizian dago.

Klima aldaketa ez da —fikziozko gizarte bati aplikatzen zaion— beste distopia horietako bat. Txantxa bat. Arazo larria da. Izatez, egoera aldatzeko denbora laburra da; beraz, «premiazko ekintzak behar dira». Gaur egingo dugunak etorkizunean izango baitu eragina. Zer egin daiteke arazoari aurre egiteko? Telebistari dagokionez, gutxienez, klima aldaketarekin zer gertatzen ari den ikus-entzuleei hobeto azaldu. Hori da, zehazki, BBCren dokumentalak egin duena.

Klima aldaketa ezin da gertaera naturalen bitartez azaldu. Gizakion jarduerak eragiten baitu. Erregai fosiletatik sortutako energia erabilerak eragiten du, hain zuzen ere. Autoak, trenak, lantegiak... martxan jartzeko erabiltzen dena. Horrek karbono dioxidoa kanporatzen du hondakin gisa, eta munduko tenperatura igoarazten du. Egun, industrializazio aurreko garaietan baino gradu bat beroago dago planeta. Gutxi eman dezake, baina kalteak nabariak dira: besteak beste, duela ehun urte baino hogei zentimetro kostalde gutxiago dugu. Aurreikuspenek diote erregai fosilen erritmo bera jarraitzen bada sei gradu beroagoa izango dela planeta 2100ean 80 zentimetro kosta gutxiago-. Ekintzak behar dira: orain edo inoiz ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.