IRLEN SAREA

Facebook Libra

gorka julio
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Facebookek bere kriptotxanpona aterako duela iragarri du. Kriptotxanpon horrek, Facebookenak diren enpresetan erabiltzeaz gain, erabilera orokorrerako erabiltzea ere bilatuko du. Zuzenean orain arte ordainketak egiten ditugun era aldatu nahi du.

Libra ez da beste kriptotxanpon asko bezalakoa, nahiz eta blockchain teknologia erabili. Teknologia deszentralizatu horrek askoren artean egiaztatzen du transakzio ekonomiko baten egiazkotasuna. Teknologia bera erabiltzen badu ere, egiaztatzaileak kasu honetan Libra sortuko duten enpresa holding bat da.

Enpresa holding horretan egoteko 8,85 milioi euroko inbertsioa egin beharko dute, sarearentzako pizgarriak eman eta beren produktuen bidez sustapena bilatu. Facebookek ehun enpresa bildu nahi ditu ekimenaren inguruan, bere txanponari balioa eman eta aldi berean berori erabiliko duten hainbat zerbitzu ixteko. Ordainetan, gobernantza bera partekatuko du, eta bere kontroletik askatuko duela adierazi du. Parte hartuko duten enpresa horien esku geldituko da. Master Card eta Visa, Paypal eta Uber oligarkia finantzario berri horren partaide izango dira; ez, aldiz, Google edo Apple bezalako lehiakideak.

Ondo aterako balitz, transakzio finantzarioak egiteko moduan eragin zuzena izango luke horrek. Handi horien guztien saiakerak etengabeak izan dira; gogoratu Apple pay edo Google pay. Kasu honetan, Facebookek bere alde ditu bere sare sozial handiarekin batera Whatsappek eta Instagramek eskaintzen dioten hedapenerako sare izugarria, eta hori gako izan daiteke.

Enpresa horiek guztiak etengabe ari dira lehian, baina beren jardueragatik birzentralizazioa soilik ez dute bilatzen. Merkatu librea baino, praktika monopolistikoak erabiltzen dituzte horretarako. Beren plataformei loturik mantenduz, itxiturak sortuz eta horietan dauden pertsonen datuak eta bizitzak ustiatuz lortzen dute beren helburua. Kontrola holding monopolistiko baten esku izateak — inongo kontrolik gabe— urteetan izan dugun albisterik txarrenetako bat litzateke.

Badirudi, aldaketa guztiak onak direla; berrikuntzaren mantrak hori esaten digu. Baina minbizia ere aldaketa bat da, eta ez bereziki ona. Kriptotxanponak interesgarriak izan daitezke akaso; Librari, aldiz, horoskopo zeinu okerra asignatu zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.