gorka julio
IRLEN SAREA

'Wu-wei'

2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Infoxikazioak sortutako antsietatea, blokeo sentimendu hori, mila gauza eta nondik hasi ez dakizula zabiltza, akaso; lasai ez zara bakarra. Telelana batzuk, eskola etxean beste batzuk, gehiengo bat sare sozialetako informazio uholdean galdurik, pantailetako scroll-a erretzen, informazio berri bila, aurrekoa ezin asimilatu oraindik.

Gauzak apuntatu beharra ez ahazteko, paragrafo bat mila aldiz irakurri beharra edota entzuten ari zaren irratsaioaren haria jarraitzeko ezintasuna. Fenomenoak denoi eragiten digu, eta teknologia inpaktu berezia izaten ari da horretan guztian.

Tresna teknologiko berri eta onuragarri asko ere ezagutu ditugu, eta batzuek informazioa ordenatzen lagunduko digute hemendik aurrera ere: Jitsi.org, bideokonferentziak egiteko; Nextcloud, fitxategiak trukatu eta elkarrekin lantzeko; Wordpress, egina ez zenuen webgune hori egiten hasteko; edo auskalo, norbaitek gauzak ikusita Woocommerce erabiliz, denda digital bat martxan jartzeko erabakia hartuko zuen.

Baina ez ginen prest, aitortu behar dugu; digitalizazioaz hitz egiten dugunean, jendarte bezala ez ginen honetarako ere prest. Eraiki dugun info esferak gure gorputzak lasaitu bainoago, larritu egiten ditu, militarrak kaleetan ikustea bezainbeste, akaso. Orain ari gara martxa hartzen eta konturatzen, horrek guztiak dituen inplikazioez. Argi daukagun bakarra da denak ez direla onak.

Efizientziaren eta lanaren alorrean, jende batek inoiz baino lan gehiago izango du telelana edo presentziala izan, beste batzuek inoiz baino gutxiago, baina egongo dira batzuk blokeo egoera batean. Shock kognitibo horren arrazoiak asko izan daitezke, baina adituek diotenez, horietako batzuk behintzat estres kognitibo edo emozional batekin egon daitezke lotuta.

Filosofia taoistan, bada printzipio interesgarri bat: Wu-wei. Egoera bati aurre egiteko modurik egokiena ez ekitea da, ez behartzea. «Esfortzurik gabe» eta «hazkuntza» ere esan nahi du. Ez jardute hori eta ezer ez egitea ez dira gauza bera; landareak Wu-wei bidez hazten dira, ez dute esfortzurik egiten hazteko. Ez dakit ez ote genukeen Wu-wei apur bat praktikatu behar. Ez dut gehiegi lortu, hobetzen ari banaiz ere. Leihotik bata besteari mokoka ikusi ditudan usoek eta balkoi batean jarri duten Mikel Laboaren kantak lasaitzen naute, soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.