gorka julio
IRLEN SAREA

ZOZeko aztia

2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Ozeko aztian ez bezala, Zumaian egiten ari diren azpiegitura teknologia ez da gezurretakoa. ZOZ Zuntz Optikoa Zumaia egitasmoaren bidez, proiektuarekin sortuko den sarea belaunaldi berriko zuntz optiko ultra-azkarreko sarea izango da, eta sare horretan parte hartzen duen Zumaiako herritar oro izango da sarearen jabe.

Sare neutro, ireki, libre eta mankomunatua izango da. Elkarlanerako hitzarmena sinatu duten Guifi.net fundazioa eta Zumaiako Udala dira proiektuaren sustatzaile nagusiak, baina ez bakarrak. Bi horiez gain, herritarrek eta bertan hartuko duten operadoreek ere, nahi badute, eros ditzakete sarearen zatiak.

Udalarentzat, herriaren %100era iritsiko den kalitate handiko sare bat lortzea izan daiteke interesgarria. Guifi.net fundazioarentzat, beren ereduan sustatutako sareak herri mailan gara daitezkeela erakustea. Bazkide egiten diren herritarrei, hileko zerbitzu kuotan aurrezteko balioko die eta tokiko operadoreei, beste era batera ematerik ez luketen zerbitzuak tokiko ekonomiatik emateko aukera.

Bakoitza, bere interesetatik biltzen da sarera, baina denek elkarrekin komun berri bat eraikitzea lortzen dute. Bokazio unibertsala duen zerbitzu bat, horrekiko konpromiso maila gehien erakusten dutenek bultzatua eta gobernatua, baina parte izan nahi duen herritar ororentzat irekia aldi berean. Bazkide egin gabe, sarea erabiltzen duten hornitzaileen zerbitzuak kontrata ditzakezu. Kasu horretan, sarearen inguruko erabakiguneetan parte hartu gabe, sarea bera erabiltzen soilarekin ere, nolabaiteko ekarpena egiten ari zara.

Eredu oso interesgarria dela iruditzen zait, eta ez azpiegitura teknologikoak garatzeko soilik. Aurrelan asko egon da, gehiena, Guifi.net fundazioaren esperientziari eta eskarmentuari esker. Arlo juridikoak, teknikoak, legezkoan... ezinbestekoa izan da bere laguntza. Era horretako ergitasmo berriak garatzean, beti agertzen dira argitu beharreko legezko kezka ugari. Eredu argi bat eta laguntza hori emango duen pertsona talde bat ondoan izatea ezinbestekoa da.

Ozera bueltatuz, zabaltzen ari den etsipenaren aurre egin eta elkarrekin ekiteko aukerak badaudela erakusten dute halako proiektuek. Aztiak esan bezala, gure barnean dugu ekiteko behar dugun indarra, indar kolektiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.