Singularitateak edo singulartasunak matematikan eta zientzian adiera ezberdinak ditu. Matematikan, singularitatea funtzio analitiko batek puntu jakinetan erakusten duen muturreko joera, infiniturantz, edo indefinizioa da, funtzioa kalkulatu ezin daitekeen puntua. Sistemen dinamikan, aldiz, singulartasuna aldaketa txiki batek efektu handiak eragiten ditueneko puntua da. Orain, baina, singularitate teknologikoaren txanda iritsiko da.
Singularitate teknologikoa, adimen artifizialaren garapenaren ondorioz, makinek gizakiaren adimena gainditu eta beren buruaren kontzientzia eskuratzeaz gain, hori bera hobetzeko gaitasun autonomoa eskuratuko luketen momentua litzateke. Horrek, sistemen dinamikako adieratik gertu, gizarteko maila guztietan espero gabeko ondorioak ekarriko lituzke, garai posthumanista batera pasatuz.
Adiera matematikoari lotuago, aldiz, singularitatearen etorrerarekin, gizakiarekin zer gertatuko den infinituan edo indefinizio batean koka genezake. Indefiniziorako bidean, teoria transhumanistak, bereziki extropianismoak, posthumanismora bide honetatik iritsi nahi du. Gizakia hobetuz, teknologia horretarako baliatuz, makinak eta gizakiak bat eginik baino, horiek biologikoki ere gainditzeko.
Baina egon daiteke, humanismoa, gizaki egiten gaituen hori infinitura eraman dezakeen biderik ere. Medikuntzaren garapena aurrera doan heinean, Mooreren legearen antzeko zerbait gertatzea. Irudika dezagun egoera bat, non urtero egiten diren medikuntza aurrerapenen ondorioz, zahartzaroaren prozesua urte bat, behintzat, atzeratzeko gai garen. Momentu batean biologikoki ia hilezkorra den belaunaldi transhumano bat izango genuke. Gizakiaren berezkoak diren kontzientzia eta irudimen berritu eta hedatu batzuekin, teknologia eta makinekin elkarlanean.
Ez dakigu zer iritsikiko den, teknologizazio, digitalizazio eta automatizazio prozesuek, pertsonek bizitza bizigarriak izateko eta beren izaera lantzeko denbora berreskuratzearekin konformatuko nintzateke. Ez baitago gauza tristeagorik baizik eta makinek egin ditzaketen eta inolako garapen pertsonalik edo plazerrik suposatzen ez duten lanak pertsonek egiten ikustea baino; beno bai, pertsonak izateari uztea.

IRLEN SAREA
Singularitatea itxaroten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu