gorka julio
IRLEN SAREA

Jabetza esklabua

2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
3.000 dolar balio dituen Tread korrika egiteko zinta «adimenduna» da. Gailuak haur bat hil eta hamarnaka pertsona zauritu ondoren, enpresak zintak erretiratu behar izan ditu. Peloton enpresak, arazoa konpontze bidean, software moldaketa bat gehitu dio sistemari horrelakoak berriro gerta ez daitezen, blokeo bat gehituz; baina orain 40 dolar hileko harpidetza bat ordaindu behar dute erabiltzaileek.

Zintak pantaila handi bat dauka eta software propioa. Software horrek hainbat aukera eskaintzen ditu; baina kasu horretan zinta baten oinarrizko funtzioak erabiltzeko, Just run, korrika soilik egiteko, erabiltzailea orain hileroko kuota bat ordaintzera behartuta dago. 40 dolarren truke, zintak ez zaitu ustez akatuko edo zaurituko; eskerrik asko.

Enpresak eguneraketa hori makina guztietan doan jartzera behartuta egon beharko luke, baina ez da horrela. Doako software eguneratzea enpresari dirua kostatuko litzaioke, eta horrek, aldiz, erabiltzaileko 480 dolarreko irabazia emango lioke urtean.

Copyright eta patenteen erabilera gehiegizko horien ondorioz, beren gailuen benetako jabe ez diren enpresa asko erabiltzaile-gatibuak dira orain. Ez dira benetako jabeak, eskuratutako hori nahi duten moduan erabiltzeko baimenik ez dutelako eta baimenik gabe aldatzeko/konpontzeko/hobetzeko aukerarik ez dutelako. Erabiltzaile-gatibuak dira, erosi zuten hori erabiltzen jarraitzeko enpresak hartzen dituen erabakietara makurtu behar direlako, nahiz eta beren kontra egin.

Ez da lehenengo kasua, eta ez da azkena izango. Ezagunenetariko bat John Deere traktore enpresarena da. Bere traktoreak konpondu ahal izateko ezinbestean baimendutako enpresa batetik pasa behar zara. Ezin duzu, orain arte bezala, zure mekaniko sena proban jarri edota ofiziala ez den mekaniko batean konpondu. Ez al da era batera edo bestera kotxeekin antzeko zerbait gertatzen ari?

Orokortzen ari den praktika bat dela esango nuke, zerbitzu bat atxikita duten tresnetan. Adimenduna hitza, normalean datuen ustiaketa eta kontrola adierazteko eufemismo bat izan da orain arte. Hemendik aurrera, enpresa baten jabetzakoa bihurtzen zarela. Ez bakarrik erosi berri duzun gailua, baizik eta zu zeu ere lotuta zaudelako. Jabetza esklabuan enpresaren erabakiak txalotzera edo kritikatzera mugatu zaitezke, baina ez duzu erabakitzeko ahalmenik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.