KRITIKA. Antzerkia

4.000 emakume

Agus Perez.
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun

'Cigarreras'

Jatorrizko testuak: Emilia Pardo Bazan. Bertsioa eta zuzendaritza: Candido Pazo. Musika: Manuel Riveiro. Eszenografia: Dani Trillo. Jantziak: Martina Cambeiro. Argiak: Afonso Castro. Antzezleak: Susana Dans, Ledicia Sola, Ana Santos, Isabel Naveira, Tamara Canosa, Covadonga Berdiñas, Mercedes Castro. Lekua: Santurtziko Serantes aretoa. Eguna: Azaroaren 6a.

Kritika hau 4.001 emakume deitu beharko litzateke, baina, azkenean, kopuru borobilean utzi dut, azken finean horiek izan zirelako Coruñako (Galizia) tabako fabrikan XIX. mendearen erdialdean lan egiten zuten emakumeak. Baina, haiengan inspiratuta, beste emakume bat ere izan zen —Emilia Pardo Bazan—, eta hortik buruan ibili dudan gehi bat hori.

Pardo Bazan galiziarrak (1851-1921) gaztelaniaz plazaratu zituen bere obrak, eta La tribuna lehen espainiar eleberri naturalistatzat joa izan da. Aurrera jarraitu baino lehen, komeni da argitzea tribuno hitzak ondo hitz egiten dakienaren ideia daramala subliminalki gaztelaniaz, eta hortik datorrela eleberriaren izenburua, neska zigarrogile sutsu baten omenez. Antza denez, Pardo Bazan naturalismo bila joan zen tabako fabrikara, uste izanda hango zigarrogileen artean istorio interesgarriren bat aurkituko lukeela. Bilaketa hartatik jaio omen zen eleberri hura, eta antzezlan bihurtuta etorri zaigu orain Santurtziko Antzerki Jaialdira, Candido Pazoren moldaketan eta zuzendaritzapean.

Zaila da, berez, halako obra bati antigoaleko kutsua kendu eta oraingo ikusleei gaurkotasunez ematea. Baina kontuan hartu behar dugu idatzi zuen garaian eta bizi zen herri atzeratuan —orduko (eta oraingo) Espainian— idatzi zuela. Antzerkirako bertsio honetan jatorrizko eleberriaren pasarterik funtsezkoenak baino ez dira erabili, baina, ene uste apalean, Candido Pazo gehiegi zentratu da garai haietako giro politiko nahasiaren deskribapenean, emanaldiaren erdia baino gehiago kontu horiei eman baitie. Horren ondorioz, azken hiru ordu laurdenetan hasi da zerbait gertatzen balizko antzerki-argumentu bezala, Amparoren (La tribuna, ezizenez) amodio-desengainuaren eta tabako fabrikako emakumeen matxinadaren harira. Une horietan agertu zaizkigu Pardo Bazanen balio nagusiak: protofeminismoa eta protosozialismoa.

Eszenaratzeari begira, eskastasun estetikoa izan da nagusi, lantegia irudikatzen zuen dekoratua baliatu delako beste edozein leku girotzeko batere aldaketarik gabe, eta langileen zein matxinadaren eszenak pobre geratu dira sei emakumeren presentzia soilarekin, batez ere kontuan izanda Pazok kutsu akademiko hutsa eman diela interpretazioei. Zazpigarren emakume batek (Susana Dans) jokatu du Pardo Bazanen rola —bikain, beste guztiek bezala—, eta haren bidez konpondu da gizonezkoen presentziarik eza, baina emanaldiak oro har nahi eta ezinaren sentsazioa utzi digu, ikusleen txaloaldi beroa gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.