gorka julio
IRLEN SAREA

Pare(ta) artean

2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Plastikozko balbula batek bizitzak salba baditzake eta produzitu badezakegu, zergatik ez egin? Italian gertatu da: gaixoen bizitza zutik mantentzeko beharrezkoak ziren patentedun balbulen faltan, ingeniari talde batek berauek erreproduzitzea erabaki du. Modelo originala hartu, sinplea zela ikusi, produzitu eta doan eskaini dizkie ospitaleei. Orain, salaketa bat jaso dezakete patente bat hautsi dutelako, milaka bizitza salbatu badituzte ere.

Patenteen existentzia zentzuduna izan daiteke. Asmakizun bat egiteko eta gauzatzeko ezinbesteko inbertsioa ziurtatzeko, sormen horren inguruan ezartzen den ustiaketa monopolio bat da patentea. Horrela, inbertsio hori egin duenak denbora batean inbertsioa berreskuratu eta etekin bat izan dezake. Ez da ideia txarra akaso, baina osasuna edota pertsonen bizitzak jokoan daudenean, ez da zilegi; edo ez luke izan behar. Bereziki, horietako asko aurretik eraikitako eta publikoki ordaindutako oinarrizko ikerketak dituztelako oinarri. Botikekin ere, egoera bera da.

Jabetza intelektualean, ikerketaren eta ezagutzaren alorrean gauzak bizkor aldatzen ari dira.Koronabirusak ikertzaileen arteko truke bizkorragoa ekarri du. Publikazioak irekian egitea ere orokortzen ari da. Lehia oraindik hor dago, baina baita beste eredu baten aztarnak ere. Gauzak desberdin egin daitezkeela erakusten duen eredu bat.

Ez estatu liberalak ez merkatuak lortu ez duena, egiten ari da jendea. Zenbaitek gaixotasunaz defendatzeko maskarak eta pantailak; plano libreetan oinarritutako arnasgailuak besteek. Josteko makinez eta 3D inprimagailuez osatutako sare herritar banatu batek egin du posible beren etxeko pareta artetik eta estatu edo erakunde publikoen laguntzaz hobeto egingo luke oraindik.

Inoiz baino gehiago p2p (pareen arteko) ekoizpen molde bat posible da. Softwarea librea ekoizteko balio du, baina baita objektu fisikoak edota edonolako zerbitzuak ekoizteko ere. Oparotasuna metatzen du ezagutza komunaren formularen bidez, eta errentak xahutzen ditu kontrol zentralaren beharrik gabe, baita hierarkiarik edota eskala handiko erakundeen beharrik gabe. Eta garrantzitsuena, hemen dago, funtzionatzen du; ez da kontakizun moral bat, errezeta magiko bat edota intentzio onak dituen aktibismoa, soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.