gorka julio
IRLEN SAREA

Sinbionte bizitzak

2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ziborgak izatera gero eta gehiago gerturatzen joango garenean, gero eta zailago egingo zaigu artifizial eta naturala zer den esatea. Non hasten da bat eta non amaitzen da bestea? Argi dugu, ez da horrela?

Nire begiekin lehen ikusten nuenaren antzeko gaitasuna izateko betaurrekoak janzten ditudanean teknikaren funtzio naturalak berreskuratzen ditut, nolabait. Noski, baina hori, ez da gorputzean txertatutako zerbait, eta egia da. Gauzak aldatuko al lituzke horrek? Orkatilan daukadan metalezko xafla, belauneko inplantea edo murtxikatzen jarraitzeko ezinbesteko izango ditudan inplanteak ezberdinak al dira?

Beharbada, afera teknologia mailan dago. Horiek teknologia maila baxuagoak direlako, ez ditugu teknologia bezala ikusten. Zer gertatzen da orduan bihotzak funtziona dezan taupada-markagailua behar duten pertsonekin edota intsulina-bonba automatiko bat dutenekin? Horiek ere onartzen baditugu, non dago muga, orduan? Naturalki egin ezin genituen gauzak egiteko aukera ematen diguten teknologia txertatu horietan, akaso?

Zaila da esatea, ikusmena edo entzumen hobea izateko aukera ematen diguten gailuak txertatuta baditugu hori horrela den. Lehen baino hobeto edo urrunago ikusteko aukera ematen diguten inplanteak edo moldaketak izan daitezke muga? Edo akaso, demagun beste pertsona batekin komunikatzeko aukera dugula «telepatia» antzeko mekanismo baten bidez, sakelako telefonoaren zenbait funtziok gure belarrian txertatuta ditugulako. Edo, garuna, makina bati konektatzeko aukera badugu, gure pentsamendu propioak «gogoratzeko» aukera gehiago dugunean, zer?

Arau sorta bat eman eta beharrezko zaigun hori egiten duten teknikek osatzen dute teknologia. Argi dugu gu ez garela teknologia, ez garelako arau sorta horiekin programatuak izan behar eta aukeratzeko hautua egin dezakegulako, baina eskola, familia, hedabideak, kultura... denek programatzen gaituzte.

Eta arazoa sortzen dugun dikotomia horretan balego? Zergatik berezitu behar dugu naturala eta artifizialaren artean. Naturala zer den baldin badakigu, baina artifiziala naturalizatzen joaten bagara, gero eta zailagoa izango da bien artean bereiztea; zentzua bera galdu arte. Gizaki hibridoak gara jada, eta bizidunak. Gure bi izaerarekiko sinbionteak, pertsona eta makina, makina eta pertsona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.