Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Nahi ez dutelako da

2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Teknologiak agintzen duen komunikazio likidoaren garaiotan, zenbat jende joaten da hitzaldiak patxadaz entzutera? Ba, uste baino gehiago. Egia esan, gauza berriak ezagutzeko ez dugu telebistarik edo gailu teknologikorik behar derrigorrean. Herenegun, Gasteizeko Oihaneder Euskararen Etxean izan nintzen, bretoieraren gaineko hitzaldia entzuten. Aipatutako datu esanguratsuen artean, honakoak: 210.000 lagunek bretoieraz hitz egiten dute, baina 350.000 lagunek dute hizkuntza ulertzeko gaitasuna; bestalde, hizkuntza egunero erabiltzea aitortzen dute 40.000 hiztunek. Halere, horietatik 30.000 inguruk 45 urte baino gutxiago dute.

Ikerketen arabera, gainera, belaunaldien arteko transmisioa nabarmen gutxitu da azken urteetan. Neurri handi batean, adineko jendea da hizkuntza gehien menperatzen duena, baina gutxien erabiltzen duena. Egiaz, populazio gaztea da bretoiera egunero erabiltzeko ohitura duen belaunaldi nagusia: 15-25 urte bitarteko galdetutakoen %25ak adierazi du hori, hain zuzen ere. Hala, bretoiera ikasteko moduak asko aldatu dira. Gazte jendeak, jada, ez du bretoiera gurasoen bidez ikasten. Esate baterako, 15-25 urte artekoen artean soilik %10ak jaso du bretoiera etxean.

Gogoan izan behar da, era berean, Frantzian bretoierak ez duela estatus ofizialik. Ondorioz, espazio publikoetan —administrazioan, osasun zerbitzuetan, kaleko seinaleztapenean...— hizkuntzaren presentzia bermatzeko obligaziorik ez dago; eta, horrekin, bretoiera erabiltzeko aukerak are gehiago murrizten dira. Frantziako telebista publikoan programazio ordu gutxi daude hizkuntza horretan. Zehazki, astean bi edo hiru orduko eskaintza; oro har, albisteez, kultura gaiez eta haurrentzako programez osatzen da. Aurten, bretoieraz emitituko duen irrati bat jarriko dute martxan: Radio Naoned. Modu horretan, lehen aldiz entzungo da bretoiera Naoneden.

Horiek eta beste batzuk azaldu zizkigun Metig Jakez-Vargas kazetariak (Karaez, Bretainia, 1993) Oihaneder etxean bildu ginen guztioi. Ez hori bakarrik, Jakez-Vargas euskara hutsean aritu zen bi orduz jarraian. Mirestekoa eta eskertzekoa izan zen hizlariak egindako ahalegina. Lezio bikaina eman zidan gaurko zutaberako: euskarazko telebista txukunik ez badugu, nahi ez dutelako da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.