Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Baloirik Gabeko Eurokopa

2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Baloirik gabeko irudi interesgarriak eskaini ditu dagoeneko, hasieran baino ez dagoen arren, futboleko Eurokopak: bigarren partidako lehen zatiaren amaieran, bat-batean, Danimarkako jokalari bat, Christian Eriksen, konortea galdu eta lurrera ziplo hilzorian erorita, taldekideek, larrialdi betean izututa, ahal zuten moduan babestua eta azkenik, zorionez, haietako batek eta medikuek salbatua; 68.000 mila lagun maskararik eta bata bestearen ondo-ondoan jartzeko erreparorik gabe, Budapesteko Puskas Arena estadioan, Hungaria eta Portugalen arteko partida ikusten, pandemiarik ez balitz edo betiko amaitua balitz bezala; Frantzia eta Alemaniaren arteko partida hasi aurretik, Greenpeaceko parapente gidari militante bat, Volkswagenen aurka protesta egin nahian, estadioan bertan istripua izan eta bertan zartatuta hiltzetik gertu; lehiaketako izar handienetako bat, Cristiano Ronaldo, Coca-Cola botilak kameren aurretik kentzen eta, haien ordez, ura erakusten, elikadura osasuntsuari buruzko kezkak eta edari azukretuen aurkako jarrerak hartaratuta; beste izar bat, Frantzia eta Alemaniako taldeen arteko partidako MVP Most Valuable Player izendatua —jokalari onena—, Paul Pogba, Ronaldok Coca-Cola botilekin egindakoa Heineken markako garagardo botilekin egiten, despistaturik, ordea, antza denez, edari alkoholdunen aurkako keinua egiten ari zelakoan zokoratu zuen botila alkoholik gabeko garagardoarena baitzen...

Baliteke artikulua idazten ari naizenetik argitaratzen den arte baloirik gabeko irudi eta istorio gehiago sortu izana, aipatutako horiek zaharkituta utzita. Irudi horiekin irabazian atera da Eurokopa, futbolzale ez direnak ere hartaz hizketan jarri baititu. Gai guztiak hazi egiten baitira futbolaren itzalean; eta futbolaren itzalean hazitako gaiek, sinbiosi harmoniatsuan, futbola bera elikatzen eta indartzen baitute.

Botilen aferak badu bere mamia. Ronaldoren keinu txikienak ere mundu osoan zer oihartzun handia duen aintzat hartuta, Coca-Colak burtsako balioetan 4.000 milioi dolarreko galera izan duela jakinarazi du, eta gure gupidari dei eginez elkartasun eske hastea baino ez zaio falta izan. Jakingo ez bagenu bezala, paradoxikoki, Coca-Cola bera dela gaur-gaurkoz aurtengo Baloirik Gabeko Eurokopa irabazteko faborito nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.