Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Enpatia

2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ez dakit zer jende klase duzuen zuek bueltan. Ez dakit zer moduz dauden, zein arazo eta buruhauste dituzuen. Baina barnean soziologo kaskar bat daraman orok bezala —eta datu orokorragoen faltan—, albokoeibegiratuta ondorio potoloak ateratzen ditut nik. Inguruan ditudan asko antsietateak edo estresak jota eta, oro har, autoestimua makalduta daude. Lan—gehiago edo gutxiago— publiko bat egiten dutenak, batik bat: nekatuta eta arduraz nola kudeatu asmatu ezinda norberaren kanpo-identitate hori. Kosta egiten zait nire burbuilatik haragokoen egoera oso bestelakoa denik pentsatzea.

Telebistan ikusten ditudanekin, berdin. Pixkanaka aldatzen ari da joera, baina oraindik ere ez da ohikoa astero-astero pantailan —sare sozialetan, telebistan, berdin dit— ikusten ditugun horiei gorabehera psikologikoak izateko aukera aitortzea. Kirolariek, kasurako, funtzio bat eta bakarra dutela dirudi: ez diela zertan eragin presioak eta pertsonaia publiko izateak, edo bestela, arindu beharko litzaiekeela zama trukean poltsikoratzen duten diruarekin. (Kirolari jartzen duen tokian jarri aurkezle, bertsolari, aktore, kazetari, youtuber...). Ikuslearen rolean jarrita, errendimendua epaitzen dugu beti. Baina norberaren ongizateak ezinbestean baldintzatzen du lan onerako gaitasun hori.

Tabua ere bada oraindik. Plazaratzen dira tarteka desitxuratutako depresio eta antzekoen kasu batzuk —Marcel Kittel, Kit Harington, Miley Cyrus...—.Baina urrun eta gutxi. Gure bueltan, oro har, bolada ilunean diren pertsonaia publikoek ahal duten moduan disimulatzen dute; edo gehiago ezin dutenean, aldi batez desagertzen dira, azalpenik eman gabe. Eufemismo arinagoen bidez izendatzen dute, asko jota, kasurik esplizituenean ere: «Neure buruarekin konektatzeko denbora pixka bat behar nuen».

Ez dakit zer jende klase duzuen zuen bueltan. Lagunartean, Twitterreko timeline-an, lan-giroan, ikaskide izandakoen artean. Baina ingurura begiratu eta hala esaten dit barruko soziologo kaskarrak: produktibitatea, anbizioa, eta halakoak kuestionatzen gabiltza neoliberalismoaren tranpak direlakoan, baina begirada hori itzaltzen dugu sofan eseri bezain pronto. Falta zaigu bestearen tokian jartzea; enpatia pixka bat (edozein) pantailaren beste aldean dagoenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.