Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Arrakala

2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
ETB2ren El Conquistador del Pacífico saioaren finala eman zuten joan den astelehenean. Amaitu da, horrenbestez, hamabosgarren —hamabosgarren!— aldia izan dena. Ohi bezala, ikusle datu altuekin: 150.000 ikus-entzule izan zituen azken atalak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Datorren astean bertan, hamaseigarrena izango denaren taldea osatzeko castingak jarriko dituzte martxan. El Conquistador del Pacífico reality show-a da—baliabideei, ikusgarritasunari eta audientziei dagokionez— ETB2ren saio izarra. Funtzionatzen badu, zertarako itxaron?

Bien bitartean —eta kirol emankizunez gain—, erreportaje mamitsuak gertuko testigantzen bidez osatzen dituen gaurkotasun programa da ETB1eko saiorik nabarmenena: Xabier Madariagak gidatzen duen Ur handitan. ETB2ren erregistroetatik urrun bada ere, euskaldun mordoxka bat eramaten ditu pantaila aurrera: 60.000 lagunera heltzeraino. Ez da bi kateen arteko aldearen erakusle bakarra. Ahoz aho eta Qué me está pasando? arratsaldeko magazinen tonuaren arteko aldea ikusi besterik ez dago.

Bistan da ETB2k eta ETB1ek xede-talde desberdina dutela jo-puntuan, eta hizkuntza ez da horretarako irizpide bakarra. Baina banaketak ematen duten irudiaz zalantza egingo nuke: zer da lehenago, oiloa ala arrautza? Euskaraz dakigunak aurrerakoiagoak edo kritikoagoak gara? Telebista gaztelaniaz ikusi nahi dutenak morbozaleago?

Asko hitz egiten dugu aspaldian bandoez, elkar ulertu ezinaz eta logika horretatik aterata eztabaidatzeko zailtasunaz. Baina ez horrenbeste bando eta sentsibilitate horren desberdin horiek eraikitzen dituzten mekanismoez. Asko dira. eta klase askotakoak, baina nago ETB1etik ETB2ra dagoen arrakala ere badela, epe luzera, euskarazko edukia kontsumitzen dugunon eta ez dugunon arteko distantzia areagotzen duen tresna bat. Izango dira biak edo bat ere ez ikusten dutenak, baina, gaur eta hemen, ETB1 edo ETB2 ikusten duenak bi mundu desberdin ikusten ditu. Edo, gutxienez, mundu beraren bi aurpegi. Ez albistegien luzeragatik bakarrik: erreferente desberdinak aurkezten dituzte, gutasun desberdin bat; hizketagai desberdinak ere bai. Hizkuntzaren normalizaziorako bakarrik ez, elkar hobeto ulertzeko ere behar dugu hizkuntza irizpideen arabera banatuko ez den telebista bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.