Jokin Altuna eta Julen Martija

Sufritu, gozatzeko

Jokin Altunak eta Julen Martijak bereak eta bi ikusi zituzten Unai Lasori eta Ander Imazi irabazi eta binakako txapela janzteko. Biek lortu dute marka: Altuna hiru diziplinatan txapela lortu duen zortzigarren pilotaria da; Martija, berriz, binaka bi txapel eskuratu dituen atzelaririk gazteena.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Sufrituz lortutako garaipenekin gehiago gozatzen baldin bada, nekez gozatuko dute inoiz Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) eta Julen Martijak (Etxeberri, Nafarroa, 1997) irabazi berri duten binakako txapelarekin baino gehiago. Direnak eta ez direnak sufritu baitzituzten herenegun finalean, Unai Lasori eta Ander Imazi nagusitzeko. Oso estua izan zen emaitza, 22-20, baina txiki geratzen da partidan izan zen muturreko gogortasuna, parekotasuna eta tentsioa behar bezala azaltzeko.

Horren arrastoak zituzten atzo txapeldunek. «Hanka pilotak oso kargatuta dauzkat. Herren nabil», zioen Martijak, Etxeberrin emandako prentsaurrekoan. «Mina dut izterrean, baina Julenek baino gutxiago, ziur», zehaztu zuen Altunak. Hala ere, min horiek ez ziren oztopo izan ospakizunetarako: «70 lagun inguru elkartu ginen Etxarrengo jatetxe batean. Oso gustura egon ginen. Parranda pixka bat egin genuen», aitortu zuen Martijak. Askoz gehiago izan ziren Amezketako frontoian: «250 bat bildu ginen. Aurrekoetan, murrizketen ondorioz, askoz gutxiago egon ginen, baina oraingoan behar bezala ospatu genuen».

«Izugarri pozik» azaldu ziren bi txapeldunak, eta elkarri eskerrak eman zizkioten; batez ere, Altunak Martijari: «Trakets aritu nintzen lehen zatian, eta izugarri lagundu zidan Julenek. Sekulako lana egin zuen haiei eusten. Finala irabaztearen meriturik handiena harena izan zen. Irabazi dudan txapeletatik inoiz ez dut horren urruti ikusi garaipena», azaldu zuen Altunak. «Inoiz ez dut horrenbeste sufritu», gaineratu zuen Martijak.

17-11koarekin «oso zail» ikusi zuten partida, baina nabarmendu zutenez, «berehala» kendu zuten pentsamendu hori burutik: «Hamabigarren tantoa egin genuenean aukera ikusi nuen, eta hamabosgarrena lortzean ohartu nintzen irabaz genezakeela», azaldu zuen atzelariak. Aurrelariaren iritziz, «garrantzi handia» izan zuen pilota berria atera izanak: «Aurrekoarekin haiek nagusitu ziren; min handia egin ziguten, batez ere Unaik. Baina pilota berria atera, eta gora egin genuen. Askoz gusturago aritu ginen, eta min egiten hasi ginen. Haiek, berriz, partidatikirten ziren. Hamar tantoko sorta lortu, eta lehia irauli genuen».

Baina dena alferrik galtzear egon zen 20-17koan, Martijak eskuin hankan min hartu zuenean: «Sekulako mina nuen. Segituan konturatu nintzen bikiak igo zitzaizkidala. Nire pentsamendu bakarra zen masajea hartzea, itzultzea eta ahal genuen moduan irabaztea». «Hasieran, sustoa hartu nuen, belaunean zerbait larria egin zuelakoan. Baina bikiak zirela konturatu nintzen, eta orduan neure buruari esan nion ziur nintzela itzuliko zela. Behar zuen denbora guztia hartzeko esan nion, baita animatu ere: esan nion tanto hori lortuta oso gertu genuela txapela. Zorionez, hala izan zen gero, nahiz eta gogotik sufrituta izan zen», gogoratu zuen Altunak.

Altunak eta Martijak marka lortu dute. Aurrelaria, hain zuzen, hiru diziplinatan txapela irabazi duen zortzigarrena da. Julian Retegi, Fernando Arretxe, Juan Martinez de Irujo, Aimar Olaizola, Abel Barriola, Mikel Urrutikoetxea eta Oinatz Bengoetxea dira beste zazpiak. 26 urte egin berritan lortu du amezketarrak lau eta erdian, buruz burukoan eta binakakoan txapela janztea. Irujok bakarrik egin zuen gazteago izanda, 25 urterekin. Baina Altunak sei txapel ditu jada: hiru lau eta erdikoan, bi buruz burukoan eta bat binakakoan. Inork ez du horrenbeste txapel irabazi haren adinerako. «Kosta ahala kosta irabazi nahi nuen binakakoa, baina ez dut zamarik kendu. Izugarri pozik nago, oso txapelketa ona egin dugulako, eta arriskuan egon garenean gai izan garelako eusteko eta aurrera egiteko. Ilusio handia egin dit Julenekin irabazteak. Orain, San Fermin torneoa falta zait bakarrik», bota zuen, txantxetan. Lortzen ari denaz galdetuta, esan zuen ez zuela espero halakorik, baina ez diola askorik erreparatzen horri: «Gerora baloratuko dut. Igandekoa pasatu da jada. Lanean jarraitu behar dut, eta prest egon».

Martijak ere marka ezarri du: bi txapel ditu binaka —Joseba Ezkurdiarekin irabazi zuen aurrenekoa, 2020an—, eta hori lortu duen atzelari gazteena da: «Niretzat handia izan bazen lehen txapela irabaztea, zer esanik ez bigarrena irabaztea. Bigarren hau bereziagoa da, ospakizuna betea izan baita, ikusle eta guzti. Inoiz ez dut ahaztuko. Txapela egiten ari naizen lanaren saria da. Baina oso argi dut gogor jarraitu behar dudala lanean».

Prestatzaileak ere sufritzen

Kantxan eta «izugarri sufrituz» ikusi zuen finala Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoak (Bergara, Gipuzkoa, 1970). Hiru zatitan banatu zuen lehia: «Aurrenekoa gogorra eta berdindua izan zen. Bigarrengoan, berriz, Laso eman eta eman hasi zen, eta Julen zigortu zuen. Hura larri, eta Jokin, erasokor jokatu ezinik. 12-10ekoarekin aurrerapausoa emateko eskatu nion, baina ez zen erraza, Laso egurrean ari baitzen. 17-11koarekin oso zail ikusi nuen. Zorionez, haiek zenbait huts egin, eta, pilota aldatuta, atzetik aurrera eginda irabazi zuten. Beti diot bukatu arte ez dagoela ezer erabakita. Ez da halako zerbait gertatu den lehen aldia, eta ez da azkena izango».

Arlo psikologikoari erreparatu zion David Dominguezek (Sarriguren, Nafarroa, 1969), Altunaren eta Martijaren prestatzaileak: «Bagenekien oso final gogorra izango zela, eta halaxe izan zen; nire ustez, binakako finalik gogorrenetakoa izan da. Baina finaletan, %90 da arlo psikologikoa, eta %10 fisikoa. Tentsio handia dago, eta hori kudeatzen jakin behar da». Horregatik nabarmendu zuen nola suspertu ziren irabazleak: «Ez zuten etsi. Aurkariek, berriz, esku-eskura ikusi zuten, eta gero, ihes egin zien».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.