gorka julio
IRLEN SAREA

Aukera hautatuak

2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Atentzioaren ekonomia deitzen diote gure arreta eskuratuz etekinak eskuratzeari. Arreta eskuratzeko borroka armatuak inoiz izan dituen tresna indartsuenak ditu orain, eta horrek gure bizitza oinarri eta harremanetan eragin zuzena dauka. Hori da behintzat, Humantech.com mugimenduko kideek diotena.

Horien iritziz, Facebook, Twitter, Instagram eta Google enpresek sortutako aplikazioek martxan jarritako erakarpen eta atxikitze sistemak, gure arreta infinitua balitz bezala, hori harrapatzeko pentsatuak daude. Gero eta arreta gehiago, gero eta diru gehiago beren kontuetan.

Baina gure arreta mugatua da, eta etengabeko arreta bilatze horrek hainbat arazo sortzen dizkigu pertsona bezala, eta noski, baita jendarte bezala ere. Arazo mentalak, antsietatea, estresa... ondorioetako bat dira. Beste bat, harreman zuzenetako batzuk kalitate gutxiagoko harreman birtualez ordezkatu edo lehenesteko joera —denok ezagutzen ditugun Whatsapparen erabilera desegokiak—. Jendartearen adineko eta adingabekoei zuzenago eragiten die, batzuei gehiegizko esposizioagatik, eta besteei ezin murgiltzeak sortzen dien sentsazioengatik. Azkenik, sistema politikoa bera ere baldintzatzeko gaitasunak, gure sistema politikoan ere eragin zuzen eta azkarra izan dezaketelako —eta ez beti ona—.

Hori guztia beti horrela izan dela diotenen aurrean, ezberdintasunak badaudela ere argitzea garrantzitsua dela diote. Inteligentzia artifiziala eta algoritmo automatikoen erabilerak ematen duten erraztasunagatik,24 orduetan eta zazpi egunetan eragiteko gaitasunagatik, ezartzen duen kontrol sozialerako aukerengatik eta norbanakoengan era pertsonalizatu batean eragiteagatik, inoiz baino arriskutsuagoak direlako teknologia berri hauek.

Horrela, Instagramek bizitza perfektuak irudikatzeko ilusioa sortzen du; Facebookek, gure iritzi antzekoa dituztenen arteko burbuilatan sartzen eta sailkatzen gaitu; Youtubek hurrengo bideoari play ematen dio, gure loari tokia kendu behar badio ere... Beste era batera diseina zitezkeen, baina adikzioa sortzeko sortuak dira. Edozein tresna bezala, ez dira neutralak. Erabaki hautatuak izan zitezkeen, baina ez dira, eta kasu horretan, gure buruari galdetu behar dioguna da: hautatuak ez badira, zer dira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.