gorka julio
IRLEN SAREA

Sentsoreak airean

2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gipuzkoan eraiki nahi duten erraustegiak airera eta lurrera emitituko dituen hondakin toxikoak neurtzeko, erraustegiaren kontrako taldeek —auzolaguntza bidez— dirua lortu zuten Toxico Watch fundazioak ikerketa bat egiteko. Etorkizunean, oraindik ere eskuragarriago izango dira ikerketa herritar horiek, teknologiari esker.

Inoiz ez bezala, teknologia eskuragarri asko dugu. Eta merke. Horien artean, ia edozer gauza neurtzeko gai diren sentsoreak eta horiek komunikatzeko beharrezko duten konektibitatea. Smartcitizen.me-ko plakatxo batek airean dagoen hezetasuna, argia, zarata, CO, NO2... bezalako datuak jasotzeko sentsoreak ditu. Plataforma baten bidez ikusi eta kontrolatzeko aukera ematen du, eta edozeinek instalatzeko modukoa da. Beste edozein sentsore beharko bagenu ere, hardware libreko arduino kit asko daude, merke eta erraz nahi dugun hori neurtu ahal izateko; ezagunenetakoak Libelium enpresakoak dira. Horiek posible egingo lukete, diru kostu baxu batekin, nahi duguna neurtzea. Baina nola egin horiek fidagarri? Hor dago gakoa.

Entitate publikoek jartzen dituzten sentsoreen fidagarritasuna eta datu eskuragarritasuna zalantzan jar daiteke. Airearen kalitatea neurtzen duten estazioek ematen dituzten datuak ez dira oso gardenak edota ordu jakin batzuetakoak soilik ematen dituzte askotan. Tranpak ere egunerokoak dira: nork ez du ezagutu hiri bateko estazio baten toki aldaketa deigarririk? Airearen kalitatea txarra dela, mugi dezagun ba estazioa eta kito.

Herritarren kontrola bermatzeko, gailu merkeez gain, datu horien ziurtasuna da lortu behar dena. Hirugarren baten bermea izan da orain arte bermea. Erakunde errespetagarri baten lanadatu horien fidagarritasunaren ziurtatzaile bihurtzen da horrela. Baina gaur egun posible da datuak datu base banatu eta aldaezin batera bidali, blockchain teknologia erabiltzen dutenak kasu, eta datuak benetakoak direla teknologikoki ziurtatu.

Horrek ez ditu erakunde ziurtatzaileak guztiz ordezkatuko. Baina datu horien gainean ikerketak egin eta emaitzak sozializatzera bidera daitezke. Gainera, datu horiek beste herritarren esku jar daitezke, nahi diren azterketak egin ahal izateko. Herritarrok, arduratzeaz gain, soluzio posibleen bideratzaile ere bihurtzeko moduan egongo ginateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.