Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Hobeto, deitu Jimmyri

2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Egia esango dizuet, ez ditut atsegin spin-off-ak. Ziur guztiok ezagutzen duzuela festa edo ezkontzetan grazia duen lagunaren oihartzuna den artaburua. Besteak esan duena errepikatzen du, baina grazia gutxiagorekin, eta txistea aspaldi bukatu dela ulertu gabe. Ba niretzat, spin-off-ak, lagun artaburu hori bezalakoak dira. Spin-off-a, telesail batetik —amaitu edo amaitu gabea izan daitekeena— osagai bat hartu, pertsonaia bat normalean, eta horren inguruan telesail berri bat sortzea da.

Askotan kritikatu izan diegu telebista kateei zein plataformei telesailak ematen zuena baino gehiago luzatzea. Nahiago dut spin-off bat telesail bat txiklea bezala luzatzea baino; horrela, berezko ekoizpenak duintasuna mantentzen baitu, behintzat. Hala ere, gutxitan amaitu dira ondo spin-off-ak, eta, gaurkoan, salbuespen horietako batekin nator.

Better Call Saul izena du, eta, bertan, Vince Gilligan y Peter Gouldek Breaking Bad telesail antologikoan —inoizko borobilenetako bat, ikusi mesedez—, agertutako Saul Goodman abokatuaren jatorria kontatzen digute. Telesaila, beraz, Breaking Bad-en kontatzen zaigunaren aurretik kokatzen da, eta garai haietan, oraindik, James McGill izena zuen pertsonaia du protagonista.

Breaking Bad gustuko izan bazenuen, gustuko izango duzu Better Call Saul, ziur. Bertan, Walter Whiteren infernurako bidaian hain ondo baliatu zuten erritmo lasaiarekin kontatzen digute Saul GoodÞman nola bilakatu zen Jimmy McGill. Telesaila asmatze bikaina da, eta zaleon tekla egokia sakatu du. Saul ikuslearen jakin-mina pizten zuen pertsonaia zen Breaking Bad unibertsoan. Hori gutxi balitz bezala, jatorrizko telesailean ageri ziren beste hainbat pertsonaia agertzen dira spin-off-ean. Tartean, Gus Fring, Tio Salamanca, edo ikusleen maitasun guztia zuen Mike Ehrmantraut handia.

Laugarren denboraldia amaitu berri dut, eta lehen aldiz apur bat aspertu naizela onartzeak min ematen dit. Eta min ematen dit, nahiz eta spin-off bat izan, telesail bikaina delako. Eta pena handia emango zidalako, Breaking Bad-ekin egin ez zuten bezala, gehiegi luzatuko balute. Hala ere, gomendagarria, erabat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.