Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Isiltasun digitala

2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Konfinamendua ezarri zenetik, eLiburutegian eginiko liburu maileguak laukoiztu egin dira. Otsailean egindako maileguak, batez beste, 190-260 izan ziren egunean. Itxialdian, aldiz, 1.000 mailegu baino gehiago egin dira egun askotan. Horrez gain, apirilaren 3rako ia 6.500 erabiltzaile gehiago zituen liburutegi digital publikoak. Guztira, 46.500 erabiltze. Erabiltzaile berri gehienak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko kideak ziren arren, 700 (%11) lagun baino gehiago konfinamenduaz baliatu ziren eLiburutegiko kide egiteko. Beraz, zenbakiak are handiagoak izan litezke orain.

Bi arrazoi nagusi daude fenomeno horren atzean: etxean geratzeko beharrak eta eLiburutegia errazago erabiltzeko jarritako bideak. Azken hori, hori bai, Interneteko konexioa ordaintzeko aukera dutenei dagokienez. Kultura Sailak dioenez, maileguen hazkundea osasun larrialdia eta alarma egoera ezarri baino «zertxobait» lehenago hasi zen. Ondoren, bazkide egiteko eskariek «gainditu» egin zuten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak erantzunak bideratzeko ahalmena, eta «ohi baino denbora gehiago» behar izan zuten zenbait eskari bideratzeko. Hori horrela, plataforma digital publikoarekiko interesa agerikoa da.

Zein da maileguaren eskaintza? Eta hizkuntza? Guztira, 20.000 liburu eta 12.218 film daude erabilgarri film luzeak, laburrak, dokumentalak, telesailak eta kontzertuak. Azken horietatik, soilik 108 (%0,9) izenburu dira euskaraz; bikoiztuta, azpititulatuta ala jatorriz. Bestalde, hainbat herritarrek salatu duenez, euskarara bikoiztuta edota azpititulatuta dauden zenbait eduki soilik italieraz, katalanez, ingelesez eta gaztelaniaz ikus daiteke eLiburutegian. Astero bi film ikusteko aukera ematen du plataformak, eta itxialdian hiru izan dira. Jaurlaritzaren arabera, liburutegi digitalean ikusitako film kopuruak ere nabarmen egin du gora. Martxoan, zehazki, 6.000 ikusi ziren; otsailean baino hiru aldiz gehiago, hain zuzen ere.

Garrantzitsua bada kultura herritarron eskura egotea, zergatik ez da garrantzitsua edukia euskaraz izatea? Areago, itxialdian eLiburutegiko ikus-entzunezko kontsumoa hirukoiztu egin dela ikusita, zer egin asmo du Jaurlaritzak aurrera begira? Plataforma publikoa gehiago sustatu ala euskara isiltasun digitalera kondenatu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.