gorka julio
IRLEN SAREA

Kulturnosia

2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hari bati tiraka, Monica Chinen The Verge aldizkari digitalean idatzitako File not found artikulura iritsi naiz. Bere ikasleek direktorio edo karpeta kontzeptuak erabiltzen ez zituztela ikusi zuen; ez dituzte behar?

Bilaketaren nagusitatunarekin fitxategiak sailkatu eta kategorizatzearen beharra lausotzen joan da. Direktorio sistemak izan dira gure sistema eragileetan fitxategiak ordenatzeko patroia. Gero, bere metafora bisualek indartu besterik ez zuten egin izaera hori karpeten bidez. Biek gure jerarkia edo kategorien beharra islatzen zuten, eta bizitza errealeko antolaketa ereduen isla ziren. Sistema eragileetan antolaketa bisual guztia ofizinatik jasotzen dugu adibidez: mahaigaina, karpetak, zabor-ontzia...

Normala da beraz, bilaketa bidez gauzak erraz topatzera ohituta, metafora berriek zaharrek ordezkatzea. Gehiago esango nuke, gauzak hodeian gordetzen ditugunetik, bere fisikotasuna, fitxategi izaera ere lausotu dugu. Sarean, edukia editatzen dugu eta han dago, ez dugu eduki hori nonbait fisikoki dagoelaz arduratzen. Eduki hori fitxategi batean bihur daiteke, baina ez du zertan.

Ofizinaren metaforak egin bagintuen, orain Google erreferentzia duen munduak egiten gaitu eta hori da gazte hauek gorpuzten dutena. Etikan eta estetikan ere eragin zuzena daukan zerbait da. Gauzak erraz topatu nahi ditugu, eskura izan, atzean dagoena jakin behar izan gabe. Diseinuan, adibidez, homogeneizazio patroiak sortzen ditu, zaila zaigu adibidez Google bezalako enpresek erabiltzen dituzten diseinu eta elkarrekintza patroiak ez dituzten aplikazioak erabiltzea.

Fenomeno hau gertatzen ari dela ikusirik, norantz joango den aurreikusten saia gaitezke. Bilaketez gain, zenbait aplikaziok guk irakatsitako patroien bidez errazten digute elkarrekintza. Posta elektronikorako tresna batzuek garrantzitsuak diren mezuak sailkatzen dizkigute, gure patroietan oinarrituz edo eman diogun informazioa kontutan hartuz. Beste batzuek jaso behar dugun informazioa erabakitzen digute, eta idazten laguntzen digutenik ere bada.

Adimen artifizial zehatz batzuen inguruan garatzen badugu informazio antolaketa, horiek izango dira mundua ordenatuko dutenak. Patroi hauek jendartera salto kulturalak egiteko gai direla dakigu orain, zoonosiaren pareko fenomenoa bat, kulturnosia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.