gorka julio
IRLEN SAREA

Datu osasuntsuak

2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Osakidetzaren eraistearen erdian, zerbitzu publikoaren suntsipena kultura aldaketaz jantzi nahi dutenean, sinatu berri dute Osakidetzak eta Mutualiak espediente eta historia klinikoetara zuzeneko sarbidea izateko hitzarmena. Lankidetza-hitzarmen horren bidez, bi erakundeetako pertsonal fakultatiboek bi zerbitzuen asistentzia jasotzen duten pertsonen datuak eskuratu ahalko dituzte orain.

Batzuk konturatuta daude, baina beste batzuk oraindik ez dira jabetu datuen garrantziaz. Akordio horrek zerbitzuak erabiltzen dituen pertsonen erosotasunerako dela ulertuko duenik ere izango da. Hala ere, argi dago gertatu den testuinguruan, pribatizaziorako beste bide edo bektore bat dela. Hitzarmena bertan behera gelditzea edo horri moratoria bat ezartzea garrantzitsua da. Aldi berean, datuek duten balioaz jabetuta, horiek denen intereserako nola erabili genitzakeen pentsatzeko garaia ere bada.

Ikerketa eta erakunde publikoek gure datuekin era horretako erabakiak har ditzaketen bitartean, herritarrek ez dute beren datuekiko inongo kontrolik. Haiek izan beharko lukete, eta ez beste inor, datuen jabe, eta zertarako erabili daitezkeen erabakitzen dutenak. Arlo publikoak horretarako bide eman beharko luke, bai, baina ez arlo pribatuari datuak oparitzeko, baizik eta denentzako hobekuntzak ekarriko dituzten ekimenak gauzatzeko.

Beste bide bat datu kooperatibena ere izan daiteke. Ahal den guztietan irabazi asmorik gabeko eta arlo publikoarekin elkarlanean bide interesgarriak aztertu daitezke. Beste leku batzuetan garatuago daude, Salus.coop edo Midata.coop kasu. Gurean oraindik ez dago antzeko ezer eta kontu handiz kudeatu beharreko gaia dela ezin uka. Dena merkantzia bihurtzen duen sistema batean bizi gara, eta datuak aspaldi pasatu ziren kategoria horretara.

Ikusi nahi ez dugun arren, sarean nabigatzen ari garenean, zerbitzuak erabiltzen ditugunean edota ibili soilarekin datuak sortzen ditugu; sortzaile gara, baina kasu gehienetan sortu bezala, gure sorkuntzatik desjabetzen gaituzte. Ez dugu inongo kontrolik sortzen ditugun datuekiko eta haiekin egiten den erabilerarekiko. Kasu onenean onespena eskatuko digute. Hortik harago ezer ez, eta, datuak behar ditugu, ezinbestekoak zaizkigu denontzat etorkizun hobeagoak planifikatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.