EKOGRAFIAK

Ura eta olioa

Jokin Labaien.
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Telebista, agian, ez da tresnarik egokiena kultura zabaltzeko. Kultur eskaintzan sakondu ahal izateko, Internet izan daiteke bitartekorik egokiena». Asteartean Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpena da. Desenkusa ukitu bat duela iruditzen zait. Alegia, aldez aurretik abisua ematen ari dela, gerora helbururik lortu ezean bere burua babestua izateko edo. Amorragarri edo kezkagarriena, erantzun bakarrean, kulturari ematen zaion lekua, garrantzia, izaera da. Eta ematen ez zaiona. Izan ere, esan zuen, lehen ere egunean hamabost ordu ematen zaizkiola kulturari, errepikapenak zenbatuta, ETBko lau kateetan. Asko edo gutxi izan litezke, begiradaren arabera, ordu kopuru osoarekin erkatuta, helburuen betetze mailaren talaiatik begiratuta. Baina badira ordu batzuk, funtzio ezinezko baten baitan ulertzeko. Aztertu beharrean ordu horien izaera, helburua, balioa edo kalitatea, azalpenak datu soil bihurtzen ditu. Azaldu balu, behinik behin, zein estrategia erabiliko duen EITBk telebistan ezinezkoa izanda Interneten kultur eskaintza sakontzeko ... Tamalez, datu hori ere desenkusa gisa ulertu liteke.

Nekez bereizi baitaiteke kultur eskaintza edozein gisako telebista programaziotik. Kultur eskaintzan sakontzeko Internet aukeratuta ere, horretarako estrategia perfektua diseinatu eta garatuta ere, ezin izango dira inoiz bereizi kultura eta gainontzekoak ura eta olioa balira moduan. Atzean dagoena bestelako eztabaida bat da. Hain zuzen ere, kulturaren definizioari, kultur ereduei, kulturari eman nahi zaion lehentasunari eta beharrezkoak dituen baliabideei buruzkoa. Zaila, ziur asko, zailetan. Alde batera utzia, denbora luzez, erakunde publikoetan. Deskuidatua, luzaz, asteartean, galdetzen zein erantzuten aritu ziren alderdi horien guztien aldetik.

Ez dakit nik girorik baden horretarako. Baina nahiago nuke, nire ikuspegitik urruna balitz ere, proposamen bat desenkusa baino. Absolutismorik gabe ere, esan liteke «horrela ulertzen dugu hau, honako helburuak dauzkagu eta honela lortzen saiatuko gara». Erantzuteko ardura duenak egin lezake hori. Eta hark egin ezean, adostu lezakete galdetzen ari direnek, elkarrekin presioa egiteko. Kultur eskaintzari zein ildo orokorrari dagokionez. Bestela, haiek dirudite ura eta olioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.